Plantoun auzoko 26.zenbakian sartu zirenean, ez zuten sekula pentsatuko etxebizitza eskubidearen aldeko dinamika berri bati hasiera ematen ari zirenik. Bizitegi soil bat izan behar zuena borroka tresna bilakatu zuten, zinezko dinamika bat sortu eta proposamen zehatzak eginez. Abiatutako lana kolektibo berri batekin gauzatuko dute.
Herriko Etxearekin izan zuten lehen bilkuratik Aterbea egituraren proposamen batekin joan ziren, haien ordez beste familia bat sartzeko etxean. Auzo-proiektu bat plantan emateko ideia zuten hasieran, dinamika Ipar Euskal Herri mailara zabaltzeko xedearekin, baina, beren ekintzaren inguruan sortu zen presio dinamikaren ondorioz, HLMekin akordio batera iritsi ziren. Plantouneko okupatzaileen ordez prekarietate egoeran den familia bat sartzea "ohituraz kanpoko neurri bat" dela dio Daniel Lozano HLM egiturako lehendakariak, baina, ukaezina da aurrekari bat sortzen duela, "bihar edozein jabek utzi dezake bere etxea erakunde sozial baten esku" okupazioan parte hartu zuen Hartzea Lopezen ustez eta horrek "etxebizitzaren arazoa errex konpon lezake".
Kolektibo berri bat
Plantouneko okupazioak oihartzun handia izan zuen hasieratik eta jende anitz inplikatu da sustengua erakutsi eta dinamikan parte hartzera. HLM eta Herriko Etxeari egin zitzaien proposamena landuz, langile sozial batzuk ere inplikatu ziren, kolektibo berri bati bidea irekiz. Bi helburu izanen ditu : salaketa eta eragitea.
Hasiera batean, baldintza txarreko etxebizitzen diagnostikoa burutuko dute, beharrak finkatzeko. "Aterbea egituran 2000 eskaera dituzte urtero, 300 lekurentzat. Pentsa genezake kanpoko jendea dela, baina, egoera ekonomiko eta sozial txarrean diren bertako gazte eta adinekoak dira gehienak" dio Hartzea Lopezek. Hartara, egoerari konponbideak bilatzeko ekintza konkretuak abiatuko dituzte, frantziar estatuko kolektiboekin lotura eginez. Paris edo Toulouse bezalako hiri handietan, okupazio dinamika berriak sortu dituzte azken urteetan, bizitegi hutsak behar larrian diren familiekin okupatuz. Militanteak eta langile sozialak elkarlanean ari dira, hori da Ipar Euskal Herrian plantan eman nahi luketena.
Okupazioaren ekintza jendarteratu
Gaur egun, Alur eta Duflot legeak badira, baina, Ipar Euska Herrian ez dira erabiltzen, "okupazioarekin, gauzak mugiarazteko konfrontazio egoera bat sor daiteke" Hartzearen ustez. Herbeheretan adibidez, erabilpen eta behar eskubidea aplikatzen da. Urte baten buruan, okupatzaileek bizitegia errekupera dezakete, modu legalean.
Ipar Euskal Herrian ere okupazioa ekintza bezala jendarteratu nahiko lukete ; gaur egun transgresio bezala ikusia dena irtenbide gisa proposatuz. Hartzeak argi du "Lehenentzat zaila izanen da, kritikak jasoko baitituzte, baina, pausoa eman behar da, ekintzaren inguruan harresi bat osatzen bada lorpenak eman ditzakeelako".