2017/11/30

Durangoko Sorginola Gaztetxeko kideek erronka nagusiak zehaztu dituzte

Azken bi asteetan, dinamika eta proiektu desberdinen ideia zaparrada egiten aritu dira gaztetxeko kideak. Hainbat ideia batu eta ikasturte honetako erronka nagusiak markatu dituzte.



Aurtengo ikasturtean asanbladak bi zeregin nagusi izango ditu. Abenduaren 1etik urtarrilera arte, lehenengo pisuan egingo dutela lan adierazi dute asanbladako kideek: "Asanbladaren espazioa txukun jarri eta zinema bukatzeko". Urtarriletik ekainera bitartera arte, berriz, bigarren pisua konpontzen arituko dira; besteak beste, sukaldea egingo dute.

Sorginolako teilatupean ere badira proiektuak. Tronpa Musika Proiektua musika entsegu lokala eraikitzen dabil eta Durangoko patinatzaileak aterpedun skate parkea. Fanzine literarioa ere laister jarriko da martxan.

Auzolanean oinarrituko dira guzti honi ekin ahal izateko. Horretarako lehenengo aukera larunbatean egongo da, auzolana egingo baitute goizeko hamarretatik ordubatak arte. Durangoko gazte denei Sorginolan parte hartzeko gonbitea egin diete.

[Topatu.eus-etik ateratako berria]

Sorginola Gaztetxea (Facebook)
Sorginola Gaztetxea (Twitter)

2017/11/28

Hondeamakinak sartu eta hesia eraikitzeko lanak hasi dituzte Tosun

Goizeko 10ak aldera langile talde bat Ertzaintzaren bi patruilak lagunduta, Tosun agertu zen astelehenean. Hondeamakina Andra Mariko lurretan sartu eta hesia eraikitzeko lubakia egiten hasi ziren.


Itzuli dira hondeamakinak Tosura. Urriaren 17an landa hustu eta bertan zegoen etxola eraitsi zuten zenbait langilek, Ertzaintzak lagundurik. Hortik lau egunera ordea, herritarrek berriz landa eremura sartu eta Tosu berreskuratu zuten. Ordutik etengabeak izan dira mobilizazioak, ekimenak, kontzertuak… Etxola berria ere eraiki dute, eta etxola horretan herritar bat erroldatzeko prozesua abiatu dute.

Atzo ordea, berriz langile talde bat agertu zen Tosun, Ertzaintzak lagunduta, obrak hasi ahal izateko harresi bat eraikitzera. Hondeamakinak Andra Mariko lurretan sartu eta hesirako lubakia egiteari ekin zioten. Orain arte, obrak lursailaren zati bat hartzea aurreikusten bazuten ere, langileek Tosu Betirako asanbladako kideei adierazi zieten obrak oraingoan landa osoa hartuko duela.

Langileen arabera, Eusko Jaurlaritza hitzezko akordio batera iritsi da Viviendas Vizcaya-rekin; alegia Tosu eta inguruko beste zenbait partzelaren jabearekin. Etxola berria botatzeko asmoa dutela ere aurreratu zuten langileek. Asanbladako kideek ohartarazi zieten herritar bat etxola horretan erroldatzen ari dela eta beraz legez kanpokoa dela berau botatzea. Momentu horretan ordea, udaltzaingoaren patruila bat gerturatu eta etxolan bizi den pertsonari jakinarazpen bat eman zion, erroldatze eskaera baliogabetuta dagoela adierazten ziona.

Tosu Betirako asanbladako kideen esanetan, alkateak erroldatze eskaera ukatzeko erabilitako argudioa faltsua da, alkateak argudiatu baitu Tosun ez dagoela etxolarik. Asanbladakoen ustez horrelako argudioek “udal gobernuaren jokaeran prebarikazio zantzuak” erakusten dituzte. Obrak gelditzeko lanean jarraituko dutela gaineratu dute, “Andra Mari auzoa urbanizatzeko lehen pausoa” baita euren ustez.

2017/11/22

Autogestio jardunaldia antolatu dute Karmelan zapatu honetarako

Karmelako kideek Autogestio jardunaldia prestatu dute zapatu honetarako, azaroak 25.

Bertan Karmelaz gain, Euskal Herriko beste 3 lekutako esperientzak ezagutzeko aukera izango dugu.

Horrela planteatzen dute eguna:

11:00 - Kafea eta aurkezpena
11:30 - Gasteizko Errekaleor auzoko esperientzia ezagutu
12:00 - Sestaoko Txirbileneakoa ezagutu
12:30 - Gernikako Astrakoa ezagutu
13:00 - Karmelako esperientzia
13:30 - Eztabaida bultzatzeko unea
15:00 - Indarkeria matxistaren aurkako argazkia
15:30 - Bazkaria
17:45 - Bilboko A25eko manifara zutabea

Aukera paregabea, beraz, zapatu honetarako.

Izarrako GaztaEtxea desalojo arriskuan dago

Izarrako gazte lokala, “GaztaEtxea” izenarekin batailatuta, desalojo arriskuan dago. Izenak ez dauka misterio handirik; etxea hutsik geratu aurretik gaztak egiteko eraikin bat zen.

Aurreko gabonetan, 2016-2017 ikasturteko eguberritan, okupatu zuen gazte talde batek hamar urtez hutsik zegoen eraikina. Bertan ez zegoen ezer, dena hutsik zegoen eta hankaz gora topatu zuten gazteek gazte lokala. Okupatu berri, bertan egin zuten lo gazteek, eraikina babesteko: “-11ºko tenperaturari egin behar izan genion aurrer. Animoak eta butanozko berogailu bat baino ez ziren gure baliabideak”, adierazi diote GaztaEtxeako kideek Hala Bediri.

Hilabeteetako lana dena txukuntzeko

Lehen hilabetetako lana dena txukuntzea izan zen: kablea jarri, garbitu… Baina dena ez zen konpontzera mugatu. Lokala atontzen zuten bitartean, proiektuak martxan jarri ziren parez-pare. Urkabustaizko ihauteri herrikoiak izan ziren lokala modu ofizialagoan irekitzeko eta aurkezteko unea.

Geroztik, hainbat proiektu eta ekintza ezberdin egin dituzte GaztaEtxean: UrkaRock, Gazte Eguna, pintxo-pote beganoak… Arteak ere bere lekua izan du; izan ere, paretak “ilusioz” bete dituzte mural ezberdinekin eta seriegrafia tailerra ere egin dute. Udan zehar, ateak irekita egon ziren, zinema herrikoi bat antolatuz.

Ikasturte honetako proiektuetako bat haurtzaindegia da. “Gurasoek lan egin edo kafe bat hartzen duten bitartean, umeak lasai eta jolasean daude gurekin jolasean”. Liburutegia ere forma hartzen doa herriko jendearen ekarpenei esker eta hemendik gutxira kirol apurtxo bat praktikatzeko aukera izango dute herritarrek: kanasta, ping-pong mahai, porteria eta abarrez betetako txoko batean.

Udari begira, elikaduraren aldetik burujabetza landu nahi dute gazteek, baratza berri bat martxan jarriz. Baina proiektu txiki hauek biltzen dituen GaztaEtxea proiektu handia arriskuan dago.

Epaiketa eta isunak

Une honetan, egoera larrian dago GaztaEtxea. Urriaren 31n epaiketa bati aurre egin ostean, isunei egin behar diete orain aurre gazteek-1.440€ guztira-; lokala husteko agindua ere jaso dute jada.”Desalojoa une batetik bestera eman daiteke”, ohartarazi dute. Zentzu horretan, “herritarren babesa” behar dutela gogoratu dute.

Hala ere, proiektuak aurrera darrai. Horren adibide dira azaroaren 24an egingo duten Bertxoko kanporaketa edo azaroaren 25eko Egun Morea. Desalojo saiakera salatzeko erabiliko dituzte egun hauek.

*Lerro hauek Topatu-koek idazten zituzten bitartean, Ertzaintza joan zen GaztaEtxera. Beraz, egitaraua aurrera aterako dela ezin dute ziurtatu gazteek, esan bezala, desalojoa une batetik bestera eman daitekeelako.

2017/11/16

Deustuko Gazte Lokalaren "aukera bakarra" bere proiektua onartzea dela jakinarazi dio Bilboko Udalak

Norabide berri bat hartu du Deustuko Gazte Lokalaren etorkizunak Gazte Asanbladako kideek gaur azaldu dutenez. Udaleko ordezkariek "atzera egin" dute. Baztertu egin dute lokala insonorizatzeko plana.



Eraikin zaharra eraitsi eta bere lekuan, eraikin berri batean, "alokairuan eskainiko diren gazteentzako babes ofizialeko etxebizitzak" egin nahi ditu Bilboko Udalak, beheko solairua, "autogestiorako" utziz. "Aukera bakarra euren proiektua onatzea" dela jakinarazi diete gazteei.

Udalak Deustuko Merkatu Zaharra eraitsi nahi duela salatu dute Gazte Lokaleko lagunek, "eta gure mesedetarako dela sinestarazi nahi digute", gaineratu dutenez. Udalaren proiektua gelditzeko, besteak beste, eztabaidarako prest agertu dira gazteak. Ez dituzte elkarrizketak bukatutzat eman, eta euren hautua berretsi dute. "Kolektibotasunean eraikitako espazio aske autogestionatuak sortzen eta defendatzen" jarraituko dute.

Asko aldatu dira gauzak Deustuko Gazte Lokala eta Bilboko Udala irailaren amaieran negoziatzen hasi zirenetik, gaztetxea utzarazteko aginduaren ostean. Izan ere, azken bi bileretan, urriaren 10ean eta azaroaren 13an, udal ordezkariek "atzera egin dute", eta Deustuko Gazte Asanbladako kideei adierazitakoaren arabera, "insonorizazioa ez da aukera bat jada". Gazteen "aukera bakarra" Udalaren proiektua onartzea da.

Proiektuaren inguruan Udalak ezer gutxi zehaztu du, Asier Abaunza Hirigintza zinegotziak bost solairuko eraikin berri batean etxebizitzak egiteko asmoa agertu zuenetik iraileko agerraldi batean. Beheko solairua "autogestiorako" espazio izan daitekeela iragarri zuen orduan Abaunzak. Gaurko prentsaurrekoak argitu du etxebizitza berri horiek bilbotar gazteei bideratzeko asmoa, alokairu erregimenean.


Negoziaketa eta elkarrizketek argiro erakusten dute Deustuko Gazte Lokala "eraisteko arrazoia ez dela kontzertuek eragiten duten zarata", azken salaketa 2016koa baita, gazteen esanetan. Lokalaren insonorizazioa euren gain hartzeko prest agertu dira, "baina Udalak ez du horrelakorik nahi".

Egindako bidean babestuta sentitzen dira. Euren alde dituzte gaztetxearen inguruko atarietako "bizilagun gehienak", Deustuko norbanakoak eta "mota ezberdinetako talde eta merkatari dezente". Horregatik diote, jaso duten elkartasuna "egindako lanaren adierazgarri" dela.

Udalaren proiektu berria "aupegia garbitzeko maniobratzat" daukate. Ez dute uste gazteek emantzipatzeko dituzten arazoak konpontzeko interesik duenik Udalak. Deustuko etxebizitzen %10 hutsik dagoenean, ez dute konponbidetzat etxebizitza gehiago eraikitzea, kudeaketa zuzena eta okupazioa baizik: "Ez gaude gutxi batzuren negozioaren alde, etxebizitza ezin da merkatuaren logikapean egon. Daukaguna modu egokian kudeatzearen alde gaude, eta okupazioaren alde, noski".

Udal ordezkarien adierazpenak entzutean jabetu dira, autogestioa oso modu desberdinean ulertzen dutela, Juan Mari Aburto alkatea bera "autogestionaren alde baitago". Lokal eta proiektuak kudeatzeko "baliabide propioak sortzea" eta asanbladen bidez "era kolektiboan hartutako erabakiei soilik men egitea" da autogestioa gazteen aburuz. Funtsezko sistema gune askeak eta irekiak eraikitzeko. Eta ezin dute izan, "inondik inora, Udalaren agindupean dauden gune kontrolatuak".