2017/10/30

Tosuren berrezkurapena

Zapatuan Tosu berreskuratu zuten, hona hemen bideoa.

El sábado recuperaron Tosu, aquí teneís un video-resumen.

2017/10/18

Getxoko Tosu erresistentzia gunea desalojatu du indar polizialak

Poliziaren hainbat auto hurbildu da goizeko 8:00ak aldera Getxoko Tosura. Aldi berean, obrako langileak kanpaldiko eremura sartu dira eta handik ordu gutxira hondeamakinak lanean jarri dira, hasieran kanpaldiko eremutik metro batzuetara. Poliziek han bildutakoak kanporatu eta ondoren hondeamakinek erresistentzia guneko etxola suntsitu dute.



Bertan lo egin duten hamarren bat lagun zeuden Tosuko landan poliziaren lehen autoak iritsi direnean. Tosu Betirako asanbladak sare sozialen bitartez zabaldutako laguntza deiari esker, apurka jendea hurbilduz joan da ingurura, baina 50 bat inguruk baino ez dute lortu poliziak eta Getxoko udaltzaingoak goizetik ipinitako oztopoak gainditzea, ezohiko bideak erabilita eta zenbait kasutan ertzainei izkin eginez. Kazetariei sartzen utzi diete, nahiz eta hasieran batzuei trabak ipini, ARGIAko eta Hiruka-ko kazetariei esate baterako.

Lehen poliziak ailegatu bezain laster, bi lagun porlanez betetako bidoietan kateatu dira desalojoari aurre egiteko, horietako bat guneko etxolaren barruan; beste bat lau metro inguruko altuera duen plataforma batera igo da. Suhiltzaileek bidoietatik askatu dituzte lehen biak eta katea kendu diote hirugarrenari, baina hark ez duenez bere kabuz jaitsi gura izan, eta arriskuan ez zegoenez, jaistera behartu gabe joan dira. Polizien buruak esan du talde espezializatu bati deituko ziotela ekintzailea arriskutik gabe plataformatik bajatzeko, baina oraingoz ez da inor joan eta goian dago oraindik (22:30ean) Tosu Betirakoko kidea.

Etxola barruan kateatuta zegoen aktibista bertatik irtenarazi bezain laster, atearen aurrean jesarri dira 45 lagun inguru, herri harresia osatuz. Banan-banan eta kasu askotan gogorkeriaz atera dituzte poliziek, poliziak bidean jarritako hesiaren bete aldean geratu diren eta zelaira iristerik izan ez dute dozenaka lagunen animozko oihuen artean. Horietako bi identifikatu ditu poliziak, hesia gainditu eta etxolaren ondoraino joaten ahalegintzagatik.

Kanpaldiaren gunea hustuta, etxola eraisteari ekin dio hondeamakina batek, tentsio handiko giroan. Hau idazteko unean han bilduta daude oraindik 30 bat lagun, besteak beste plataforman igota dagoen kidearekin zer gertatuko zain.

Tosu Betirako plataformakoek adierazi dute "nahiz eta kaleratzea lortu, erresistentziarekin aurrera jarraituko dutela parkinga geldiarazi arte". Horretarako, herritar guztiei laguntza eskaera luzatu diete hurrengo mobilizazioetan parte har dezaten: asteartean elkarretaratzea egingo dute Telletxe kalean, 19:30ean, ondoren erresistentzia akanpada paratuko dute San Nikolas/Txiki eta Otaegi plazan. Gaur, urriak 18, 20:00etan manifestazioa egingo dute San Nikolasetik abiatuta, desalojoa eta obra ilegalen hasiera salatzeko; eta larunbatean, hilak 21, bigarren manifestazioa eta kontzertua egingo dute, Telletxen, eguerdiko 12:30ean hasita.

Abuztuaren hasieran jaso zuten epaileen huste agindua. Ordutik hona hainbat ekimen antolatu dute Tosuko landan, kaleratze arriskuari aurre egiteko.

Sei urtez borrokan

2011n amaitu zuten Getxo eta Berango arteko Ibarbengoako metro geltokia eraikitzen, baina ez da sekula erabili. Oraingoz gauzatu ez den plan handiago baten parte zen geltokia: 8.000 etxebizitza landa izaerari eutsi dion eremuan, eta aparkaleku handia. Etxebizitzen proiektua alboratuta dago behin-behinean, ez ordea aparkalekukoa. Herritar talde batek sei urte darama hura egin nahi duten zelaian, egitasmoa geldiaraziz eta aldi berean bizimodu alternatiboa eraikiz.

Gasteizko okupazio mugimenduaren urrats berria, Judimendi auzoko bloke bat okupatuta

Bizilagunekin lehenengo harremanak izan dituzte gazteek eta astearterako otordu bat iragarri dute. Azken okupazio honekin, zortzi dira Gasteizko gune okupatuak.

Judimendiko auzoan izan da azkenengoa. Lagun talde batek “aspaldi abandonaturiko etxe zahar bat” okupatu du. Auzokideei aurkeztu diete proiektua, atez ate zabaldutako gutun baten bidez. Blokea, Juan II kaleko 1.portala da: 2004tik dago hutsik bloke hau.

Etxearen ate irekitzea egiteko “meriendatxo” bat egin zuten aurreko asteartean auzoaren zaharkitzea eta “auzo bizitzaren degradazioa” azalduz. “Azken belaunaldietan Udaletxearen atzean egon direnek sustaturiko politikak” salatu dituzte okupazio honekin.

Hala Bedik jakin duenez, egun hartan lasaitasunez igaro zen arratsaldea baina jasotzear zeudela zortzi udaltzainek osaturiko dispositiboak identifikatzeko eskatu zien bertako gazteei. Espazio publikoaren okupazioa egotzi zieten eta denbora luzez identifikatzen egon eta gero, salaketa jarriko zietela esan zieten. Gainera, haietako bati Mozal Legea aplikatuko diotela ere iragarri zioten “izandako jarrerarengatik”.

Igorritako bigarren gutun batean hainbeste polizia bidaltzearen bidez merendola bat “kriminalizatu” nahi izatea salatu dute etxeko kideek. Okupatutako bloketik, “beste garai batean ohikoa zen ohitura berreskuratzera” animatu dituzte bizilagunak. Horretarako, beste otordu bat egingo dute asteartean, urriaren 17an, etxe okupatuan.

Azkenengo honekin zortzi dira Gasteizko espazio okupatuak: Gasteizko Gaztetxea, Arkillos 10, Errekaleor, SUmendi Gazte Espazioa, Txikita, Pinto, Korre eta Judimendiko azken blokea.

PNVk eskaintzen duen hiri ereduaren aurrean okupatzen eta antolatzen jarraituko dutela adierazi dute ehunka gaztek

EAJren udalak espazio autogestionatuen kontra darabiltzan politikak salatu dituzte Bilboko kaleetan egindako manifestazio koloretsuan. Desalojo bakoitzeko beste okupazio bat egingo dutela ohartarazi dute.



"Ez dugu amorerik emango, okupazioa eta autogestioa bizitzeko egin ditugun hautuak direlako eta inork ez digulako esango nola bizi behar dugun". Halaxe adierazi du GAS Bilboko gaztetxe eta gazte asanbladen sareak manifestazioaren bukaeran, eta horixe erakutsi dute Bilboko kaleetan ehunka gaztek egindako protestan. Bilboko Udalaren eta EAJren erasoen aurrean okupatzen eta antolatzen jarraituko dutela, orain arte egin duten bezala.

Izarbeltz ateneoaren eta Etxarri gaztetxearen desalojoak salatu dituzte, baita Karmela eta Deustuko Gazte Lokalaren aurkako erasoak eta oro har Bilboko Udalak sustatzen duen hiri eredua ere: "Euren hirigintzako proiektu estrategikoek gazteak prekarizatu eta euren eredutik at doan edozein mugimendu akatzea dute helburu, turista erakarri eta etxebizitzekin lotutako negoziazioak izanik euren interes bakarra".

Gaztetxeen balioa:

Horren aurrean gune autogestionatuen balioa nabarmendu dute gazteek: "Bertan dantzatu dugu, musika taldeak osatu ditugu, familia berri bat osatu dugu, lagun berriak egin ditugu, negar egin dugu batzuetan, barre besteetan, ligatu dugu, ikasi dugu, formatu gara, hazi gara...". Eta halaxe jarraitzeko borrokan jarraituko dutela ohartarazi dute: "Gure bizitzen zati garrantzitsu bat izan ziren, gaur dira eta bihar izango dira".