2019/08/13

G7 ez hemen ez inon

Abuztuaren 21etik 26ra egitarau oparoa antolatu dute G7 EZ eta Alternatives G7 plataformek Irungo Ficoban (Gipuzkoa) eta Hendaian (Lapurdi).

Webguneak:
https://g7ez.eus/
https://alternativesg7.org/index.php/eu/g7-ez-beste-mundu-baten-alde/


“Ia 200 hizlari izango ditugu gurekin, baita 50 tailer ere, zazpi gai orokorren inguruan”, adierazi du Egoitz Urrutikoetxeak, kontragailurraren antolatzaileetako batek. 40 hitzaldi osorik euskarara, gaztelerara, frantsesera eta ingelesera itzuliko dira. Kapitalismoa, klima eta ingurumena, herrien aniztasuna eta askatasuna, feminismoa, demokrazia soziala eta autoritarismoa, migrazioa eta harrera eta gerren eta inperialismoaren aurkako borrokan elkartasuna izango dira landuko dituzten gai orokorrak.

Lau eremu nagusitan banatuko dira: Irungo Ficoban eta Hendaiako zineman hitzaldi eta tailerrak izango dira; Gazte Gunea Hendaiako Jean Jaures eskolan egongo da; aste intergalaktikoa Kanetako Portuan izango da, eta azkenik, kanpalekuan Jaka Horien herrixka egongo da. Horrez gain, lotarako 2.500 lagunentzat kanpalekua atondu dute Urruñako erlaitzean (Lapurdi). Antolatzaileek argitu dute kanpalekutik gune nagusietara joateko garraio publikoa izango dela.

Hitzaldi eta tailerrez gain, abuztuaren 24an manifestazioa egingo dute, Hendaiako Florida biribilgunetik Irungo Ficobara, 11:00etan. Abuztuaren 25ean, berriz, Miarritze, Angelu eta Baionan (Lapurdi) zazpi leku eta plaza okupatuko dituzte esparru publikoen pribatizazioa salatzeko.