2016/10/31

Gaztetxe eta gazte asanbladen topaketak prestatzeko batzar orokorra egingo dute larunbatean Errekaleorren

11:00etan hasiko dute bilkura, Errekaleorreko gaztetxean. Otsailean egingo dituzte Gaztetxe Topaketak, Iruñean, eta horiei begira lan ildoak proposatzeko eguna izango dute larunbatekoa.


Joan den urtean Oñatin egindako topaketak positibotzat hartuta, aurten ere egingo dituzte Euskal Herriko Gaztetxe eta Gazte Asanbladen Topaketak. Aurtengo topaketa Iruñean egin nahi dute, otsailean, eta hori prestatzeko batzar orokorra egingo dute larunbat honetan, azaroak 5, Gasteizko Errekaleor auzo askeko gaztetxean.

Topaketen egitaraua gaztetxe eta gazte asanbladen proposamenekin osatuko dutenez, larunbaterako lan ildoak proposatzeko galdegin diete hala nahi duten gaztetxe eta gazte asanbladei. Hiru ildo badituzte jada, halere, proposamen gisa: autodefentsa, harremanak eta bizitzarako esparruak. Oñatiko topaketen bilduma ere kaleratu dute. Hemen irakurgai.


Gaztetxe eta gazte asanbladen oharra:

Uda amaituta, aurtengo Gaztetxe Topaketak antolatzeko dinamika martxan jarri dugu. Horretarako deialdi orokor bat luzatu nahi diegu Euskal Herriko Gaztetxe eta Gazte Asanblada guztiei; baita ere Gaztetxeen inguruan ikuspegi autogestionarioarekin lanean diharduten kolektibo-talde-proiektu ezberdinei. Aurtengo Gaztetxe Topaketak antolatzeko batzar orokor hori Errekaleorren ospatuko da, azaroak 5ean, larunbata, goizeko 11:00etan bertako gaztetxean.

Aurten, Topaketen egitaraua gaztetxe eta gazte asanbladen proposamenekin osatuko da; hau da, bakoitzak ze esparrutan lanean dabilen edo hasi nahi duen zehaztu eta topaketak lan ildo horien garapena bermatuko duen marko bezala baliatuko ditugu. Hortaz, azaroak 5eko batzarra proposamen zehatz horiek jasotzeko momentua izango da. Erreferentzia moduan hiru lan ildo orokor proposatu genituen udaberrian:

- Autodefentsa. Eskuratzen ditugu espazio eta bitartekoak babesteko tresnak.

- Harremanak. Gure artean eraikitzen ditugun harremanen kudeaketarako lan ildoa: generoa, botere harremanak, horizontaltasuna...

- Bizitzarako esparruak. Ekoizpen eta sorkuntzarako bitartekoak eskuratzeko eta garatzeko lan ildoa: elikadura (nekazaritza, arrantza...), hezkuntza, musika, etxebizitza, mekanika...

- Bestelakoak. Aurreko hiru ildotan lekurik ez daukaten proposamenak.

Gaztetxe edo gazte asanbladaren batek, arrazoi ezberdinengatik, ez badu bere burua gai ikusten proposamen zehatzak egiteko, ez dadila arduratu; hori ere abiapuntu bat da eta lekua dauka azaroak 5eko batzarrean zein topaketetan.

Amaitzeko, aurtengo topaketak Iruñean ospatuko dira otsaila aldera (oraindik zehazteke dago data zehatza).

P.D.: Azaroak 5eko batzarraren ondoren Errekaleorren bazkaltzeko aukera egongo da, beraz, bertan bazkaltzera geratuko denak lehenagotik abisatu beharko du ortuondogaztetxea@gmail.com emailera mezua idatziz

2016/10/14

12 gazte epaituak izango dira Makala II Gaztetxearen okupazioagatik

Azaroaren 17an Barakaldoko 12 gazte epaituak izango dira, Makala II Gaztetxearen okupazioagatik. Ertzaintzak 12 gazte hauek, 2014ko irailean identifikatu zituen, Makala II Gaztetxean egindako asanblada irekian. Fiskaltzak guztira 21.600€ isuna eskatu du, usurpazio delitua egotzita. Makala II Gaztetxeak azpimarratu du azken bi urteetan egindako lana auzoa eta beste sistema baten alde: hitzaldiak, tailerrak, jardunaldiak… eta gaztetxea kolektibo ezberdinek biltzeko erabili dutela. Gainera salatu du lotsagarria dela etxeak eta lokalak utzik egotea, etxebizitza beharrak dauden bitartean, legala izan arren.

Datozen hilabeteetan epaiketa hau salatzeko hainbat mobilizazio eta ekimen egingo dituzte, horien artean azaroaren 17an kontzentrazioa egingo dute goizeko 09:00etan epaitegien aurrean.


Makala II Gaztetxearen oharra:

Azaroaren 17an 9:30ean Barakaldoko 12 gazte epaituak izango gara. 2014ko irailean Ertzaintzak Makala II gaztetxean identifikatu gintuen, gaztetxea martxan jartzeko lehenengo asanbladan geundela. Hala, Fiskaltzak usurpazio delitua leporatu eta guztira 21.600€-ko isuna eskatzen digu. Badakigu, 12ak espazio autogestionatuen kontrako errepresioaren beste adibide bat baino ez garela. Haien legalitatetik kanpo jarduteagatik zigortuak. Makala II gaztetxea okupatu zenetik ehunka izan gara espazio hori erabili dugunak. Ordutik, bertan, hainbat ekimen antolatu ditugu: hitzaldiak, tailerrak, kontzertuak, jai tematikoak, asanbladak… Horrekin batera, egunero, astero, herriko hainbat erakunde zein kolektibok erabiltzen dute gaztetxea. Barakaldon gaztetxea beharrezkoa eta garrantzitsua dela erakusten du horrek eta epaiketa ondoren hura uzteko behar gaitzaketela ohartarazi eta salatu nahi dugu.

Lotsagarria da abandonatutako espazioak berreskuratzeagatik zigortzea, jabetza pribatua babestearen aitzakiapean. Are gehiago haietan ikuspegi gazte eta antikapitalista batetik proiektu komunitarioa sortzegatik. Legala bai, baina bidegabea da. Bere aldetik, udal agintariek (dela PSOE, dela PNV) etxebizitza duinaren eta lokal autogestionatuen aldeko aldarrikapenak hormatu eta uzteko behartzen gaituzte. Horren adibide ditugu Alhondigako familiak. Legala bai, baina irrazionala da, hain zuzen ere haiek defendatzen duten sistemak eragin baitu milaka lokal eta etxebizitza hutsik egotea. Hain justu, haien politikek bihurtu gaituzte betiereko bekario, ikasle, beltzean kobratzen duten partikularretako irakasle, langabetu, zapaldu…, eta hain justu halako egoeran gauden 12 gazteri eskatzen dizkigute 21.600€! Legala izango da bai, baina lotsagarria.

Legala bai, eta? Ez dugu etsiko, legalak izan arren bidegabekeriei aurre egiteko betebeharra dugulako. Emakumeon bozka eskubidea, 8 orduko lanaldia edota greba eskubidea ez ziren unean uneko legaltasuna onartuz lortu. Historiak emandako irakaspen hori gaur egungo aldarrikapen justu guztientzat baliagarria dela uste dugu. Hori dela eta, elkartasuna adierazi eta 12 gazte hauen absoluzioa aldarrikatzeko eskatzen diogu Barakaldoko herriari, gazteriari, lonjetako koadrilei, erakunde kultural, sozial eta politikoei... Baita urria eta azaroan antolatuko ditugun ekintza eta hainbat jardueratan parte hartu dezaten, besteak beste, azaroaren 17an goizeko 09:00etan Barakaldoko Justizia Jauregian egingo den kontzentrazioan. Zuen inplikazioa beharrezkoa dugu, honi eta datozen bidegabekeriei aurre egiteko. Bertan ikusiko dugu elkar!