2012/07/22

Flo ta Rafi brigadista internazionalistak absolbitu dituzte

Jarraian, Rafi eta Flo brigadista alemandarren errugabetasuna aldarrikatzen duen epaiaren kariaz emandako prentsaurrekoaren laburpena luzatzen dizuegu.
Horretaz gain, baita honi dagokionez hedabide ezberdinetan argitaratutako artikuluak ere. Kukutzaren desalojoaren arira gauzatu diren epaietan abosoluzioa ematen duen lehena dugu honako hau. Okupazio bulegotik, gure zorionik beroena igorri nahi diegu bi gazte alemandarrei, eta baita haien errugabetasuna frogatzen jardun duten guztiei ere.

ZORIONAK Rafi eta Flo!


Kukutza III gaztetxearen desalojoaren egunean atxilotu zituzten Florian ta Raffael Hamburgoko brigadista internazionalistak, kontenedore bat erretzea leporatuta. Ertzainek fikzioko istorio bat asmatu zuten bi kideak atxilotu ta 9 egun espetxeratzeko. Horrez gain, fiskaltzak ere milaka eurotako isuna jarri nahi zien, eta nola ez, udaletxea ere festibalera gehitu egin zen, akusazioak bere eginez.

Zorionez, egia argitara azaldu egin da eta gure Hamburgoko lagunak guztiz aske geratu dira, baina ez da lan erraza izan. Suhiltzaileen informeak, bideoak, argazkiak eta lekukoak behar izan ditugu ertzainen gezurrak desmontatzeko. Epaileak ere uste du ertzain hauen lekukotasunak ez direla errealitatearen islada. Honek guztiak helmuga berdinera eramaten gaitu. Ertzainek ez dute egia esaten, edo berdina izan daitekeena, ertzainek gezurra diote. Ares, Azkuna ta hauen txakur guztiek interes pertsonala daukate Kukutzaren defentsan ibili diren guztiak kriminalizatzean.

Kukutza gaztetxearen defentsan ibili garen guztiok, argi izan dugu beti sistema kapitalistaren biziraupena bermatu nahi dutenek edozein gauza egingo dutela gune herrikoi, autokudeatu ta askatzaileak suntzitsearren. Eta horregatik ez gara harritzen ta ez gara harrituko boteredunek izango duten jarrera faxistarekin hurrengo hilabeteetan. Alderantziz, egoeraren larritasuna ulertu ta duintasunez ekingo dugu beti.

Kalean Kukutzaren defentsan ekitea guztion askatasunaren defentsan ekitea da, eta gaztetxeen defentsan ekitea, gizarte askeago baten alde borrokatzea da.

Harro gaude egin dugun guztiaz. Duintasuna ta elkartasuna dira gure garaipenaren bermea.

Zorionak Rafi ta Flo.


Hedabideetako artikuluak ikusi:
Bilbobranka
Berria
Deia