2012/06/28
Patakon Gaztetxea desalojatua izan da
Goizeko 06:30ean sartu dira poliziak Matiko kaleko eraikinean eta husten hasi dira. Barruan zeuden bost lagunak identifikatu egin dituzte. Arratsalderako manifestazioa deitu dute (19:30ean) eta ostegunerako kazerolada udaletxe aurrean.
Ertzaintzak Bilboko Patakon Gaztetxea hustu egin du gaur goizaldean. Poliziaren sei furgoneta agertu dira Uribarri auzoko Matiko kalean eta eraikinean sartu dira indarrez. Barruan zeuden bost gazteak atera eta identifikatu egin dituzte baina ez dituzte atxilotu.
Albistea zabaldu eta berehala lagun ugari gaztetxera bertaratzen hasi dira prostesta egitera. Ertzaintzak gaztetxeko ate nagusia soldatu egin du berriz okupatu ez dezaten.
Patakon kolektiboak prentsaurrekoa emango du 11:00etan eta arratsalderako mobilizazioak deitu dituzte, 19:30etan abiatuko da manifestazioa Uribarriko landatik.
Bestalde, ostegunerako kazerolada deitu dute (11:00etan) udaletxean eta ostiralean, iragarri bezala, gaztetxearen inaugurazioa egiteko asmoarekin jarraitzen dute.
Identifikazioak eta mehatxuak
Duela bi aste Ertzaintza eraikinean sartu zen eta, hustu ez bazuen ere, hemeretzi lagun identifikatu zituen. Egun hartan, eraikina nahi zutenean hustu zezaketela mehatxu egin zuten ertzainek.
Eraikina ekainaren 1ean okupatu zuten Uribarriko hainbat lagunek auzoak azpiegitura aldetik zuen hutsuneari irtenbidea emateko eta Udalak alboratuta izan dituela salatzeko. Etxeak 50 urtetik gora zeramatzan hutsik eta okupatu arte ez dute inoiz erabili.
2012/06/14
Bihar Patakon auzo etxearen aldeko manifestazioa
Uribarri auzoko Patakon auzo etxearen aldeko manifestazioa egingo dute bihar, 19:30etik aurrera auzoan bertan, eskoletatik aterata. Ertzaintza eraikinean sartu zen astearte arratsaldean eta, jendez hustu ez bazuen ere, hemeretzi lagun identifikatu zituen.
Hainbat lagunek hilaren 1ean okupatu egin zuten Patakon. Etxeak 50 urtetik gora daramatza hutsik; okupatu arte ez dute inoiz erabili.
Patakoneko asanbladako kideek prentsaurrekoan esan dute auzoan babes handia jasotzen ari direla. Esaterako, azkeneko hamahiru egunetan mila sinadura pasa bildu dituzte. Haien asmoa "lanean" jarraitzea da eta Bilboko Udala zuhurtziaz jokatzera deitu dute.
Ertzaintzaren "jazarpena" salatu dute Patakoneko asanbladako kideek azken egunotan. Etxe okupatuaren inguruan ibili dira, eta uniformerik gabeko ertzainak sartzen saiatu dira. Herenegun eraikinaren kanpoko aldean zeuden sei lagun identifikatu zituztela ere jakinarazi dute.
Beraz biharko manifestazioan parte hartzeko deia luzatzen dugu Bilboko Okupazio Bulegotik ere. Kaleetan ikusten dugu elkar.
2012/06/06
Kukutzako epaiketako bi akusatuek ez zuten zaborrontzirik erre
Alemaniako bi ikasle epaitu dituzte gaur, Bilbon, Kukutza gaztetxea hustu ostean izandako liskarretan zaborrontzi bat erretzea egotzita. Defentsako abokatuak agiri berri bat erakutsi du epaiketan, Bilboko suhiltzaileena. Haren arabera, 19:20an erre zuten lehendabiziko zaborrontzia, Diaz Enparantza kalean. Akusazioak, ordea, bi ikasleei egozten die 18:15ean erretzea zaborrontzi bat, Gordoniz kalean.
Suhiltzaileen eta akusazioaren txostenak bat ez datozen arren, Fiskaltzak zigor eskaerari eutsi dio: hiru urte eta erdiko zigorra eskatu du bi akusatuentzat. Defentsak, ordea, aske uzteko eskatu du, ez dagoelakoan froga bakar bat ere haien aurka.
Hain justu, frogatzat aurkeztu den datu bakarra bi akusatuek abokatuaren telefonoa eskuan idatzia edukitzea izan dela salatu du Carrok berak, defentsako abokatuak. Herritar guztiek defentsarako eskubidea dutela azaldu du Carrok, eta ohartarazi du datu hori ezin dela erabili ezeren frogatzat.
Alemaniako Abokatu Errepublikanoen Elkartearen begiradapean egin dute epaiketa. Elkarteko kideek esan dute azken datu hori salatzeko asmoa dutela. Bizkaiko Abokatuen Elkargora gaia eramateko prest agertu da, bestalde, defentsa.
Epaiketa egin aurretik, dozenaka lagunek kalejira egin dute udaletxetik abiatuta, epaiketa salatu eta akusatuei elkartasuna adierazteko. 11:30 aldera hasi da auzia, eta 14:30 aldera bukatu. Txaloka hartu dituzte akusatuak, irten direnean.
2012/06/03
Galdakaoko eta Uribarriko Gaztetxeak, ongi etorriak!
Aste honetan gune aske berri bi ditu Bizkaiak. Lehenengoa Galdakaon eta bigarrena Bilboko Uribarri auzoan okupatu berri den Patakon Gaztetxea.
Galdakaoko Gazte Asanbladak, saiakera batzuen ostean, hustuketa ilegalak barne, bere gaztetxea lortu du. Juanbautista Uriarte kaleko Urreztarazu dendaren atzeko etxea ORTUONDO gaztetxea bilakatu da.
Asanbladak 19:00etan izango dira eta auzolanak 11:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 18:00etara, egunero.
Informazio gehiago Gazte Asanbladaren webgunean.
Bestalde, Bilboko Uribarriko Gazte Asanbladak auzoko gazteen beharrak asetuko dituen eta auzokideen topagunea izango den alternatiba sozial eta kulturalaren alde eginez, Patakon Gaztetxea okupatu zuten. Mende erdiz hutsik egon den Matiko kaleko eraikin batean abiatu dute proiektu berria.
Bihartik aurrera lan egiteko aukera egongo da arratsaldero, beraz Uribarri eta Bilboko pertsona guztiak gonbidatuta daudela jakinarazi dute.
Informazio gehiago Uribarri Pizturen webgunean.
Galdakao |
Asanbladak 19:00etan izango dira eta auzolanak 11:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 18:00etara, egunero.
Informazio gehiago Gazte Asanbladaren webgunean.
Uribarri |
Bihartik aurrera lan egiteko aukera egongo da arratsaldero, beraz Uribarri eta Bilboko pertsona guztiak gonbidatuta daudela jakinarazi dute.
Informazio gehiago Uribarri Pizturen webgunean.
Suscribirse a:
Entradas (Atom)