2014/02/20

Bilboko Erribera 13 etxe okupatua hustu du Ertzaintzak

Goizeko 6:30ak aldera ertzaintza Erribera 13 (Bilbo)ko gune okupatua desalojatzera joan da, grua bat eta hainbat furgonetarekin. Hala ere, atzo eginiko erresistentzia deiari jarraituz herritarrak goizean goiz hurbildu dira Erribera 13ra, eraikinaren desalojoa oztopatu eta euren babesa adieraztera. Bertan zeuden lagunek jakinarazi dutenez,Ertzaintza teilaturaino igo da eta bertan erresistentzia egiten ari zen jendea” bortizki” identifikatu dute.

Jadanik erabat hustu du eraikina Ertzaintzak, bertan zeudenei kanpora atera araziz, hala ere, oraindik eraikinaren aurrean jarraitzen dute, bai ertzainek eta baita babesa adieraztera bertaratu diren guztiek ere.

Desalojoari aurre egiteko 19:00etan manifestazioa deitu dute Unamuno plazatik abiatuta.




Iragan uztailean gazte talde batek Bilboko Alde Zaharrean okupatutako zuen eraikina da Erribera 13 eta atzo bertan jakinarazi zuten Ertzaintzak eraikina husteko agindua zuela. “Prezio itzelek, hipoteka eta alokairu ordainezinek” bilbotarrak etxerik gabe geratzera kondenatzen dituztela adierazi zuten eraikina okupatu zutenean. “Egoera hori eraldatu asmoz, pertsona guztientzako izango den eta ateak zabal-zabalik izango dituen espazio bat sortu nahi dugu, non gure bizitzen jabe izaten ikasiko dugun”. Ordutik egun arte eraikina atontzen ibili dira, oso egoera txarrean zegoelako, eta oraindik Erribera 13 egitasmoa “zirriborro” bat den arren, dagoeneko hasi dira lehen hitzaldiak eta jarduerak antolatzen.
Eraikina eraikuntza enpresa batek erosia zuen, hotel bat egiteko asmoz, baina proiektua bertan behera geratu zen, eta alde egin zuen enpresak.

Albiste hau Topatu.info ataritik hartua izan da.