2016/01/29

KRML Bizirik proiektua aurrera ateratzeko, Udalari elkarlanerako borondatea eskatu diote

Joan den zapatuan prentsaurrekoa egin zuten KRML Bizirikeko kideek Udalarekin harremanetan direla jakinarazi, eta orain arte egindakoaz berri emateko. Auzolanean eraikina atontzen aritu dira azken asteetan, eta dagoeneko ludoteka, liburutegia, frontoia eta jantoki eta aldageletako espazioak martxan dituzte.


Hortaz aparte, Udalak eskatuta aurreko astean espazioaren erabilera zehaztuko duen akordioa adosteko ordezkariekin batzartu zirela ere jakinarazi zuten. Ondorio argi batera iritsi direla adierazi dute: “Bi aldeek borondatea izanez gero, proiektua aurrera atera daiteke”. Bestalde, hainbat adibide mahai gainean jarri zirela jakinarazi dute. Besteak beste, Iruñeko Udalak utzi berri dituen lokalak eta Gernikako Astra. Gaineratu dute elkarrizketek ez dutela etengo orain arte egindako lana.

KRML Bizirikeko kideek aldarrikatu zuten Bilbo solidario, parte hartzaile eta sozialagoan sinesten duten eragileen indarrak batzeko unea dela. Deia luzatu zieten adin, sexu, jatorri eta interes ezberdineko herritarrei Karmelo ikastolako espazioari ekarpenak egiteko.

Bi urte abandonatuta egon ostean, azaroaren 14an Karmelo Ikastolako eraikina berreskuratu zuten, “auzoarentzat eta auzotarrentzat proiektu alternatibo eta herritarra” sortzeko. Azaroan zehar Bilbo eta inguruetako 60tik gora eragilerekin elkartu ziren, eta abenduaren 12an egin zuten lehen batzarra proiektuaren noranzkoa, helburuak eta filosofia zehazteko. Ordutik hona, astero 30 pertsona inguru aritu dira eguneroko zereginak kudeatzen.

Oir entrevista en Info7 Irratia

Bizkaia Irratian egindako elkarrizketa entzun

2016/01/21

Euskal Herriko gaztetxe eta asanbladen topaketako egitaraua aurkeztu dute

Otsailaren 19, 20 eta 21ean egingo dute Oñatiko Antixenan Euskal Herriko gaztetxe eta gazte asanbladen topaketa, eta antolatu dituzten ekintzen berri eman dute. Bi ildo nagusi bereizi dituzte: asanbladak eta alternatibak.

Gaztetxe eta gazte asanbladek izan ditzaketen arazoei aurre egiteko tresnak sortu nahi dituzte topaketan. Horixe izan da Durangoko Sorginola eta Bilboko 7Katu gaztetxeetan egindako asanblada irekietan adostu dutena. Horretarako, bi lan ildo nagusi zehaztu dituzte: alternatibak eta asanbladak. Lehenengoari dagokionean, gune autogestionatuetan sortzen den bestelako aisialdi eredutik haratago joan eta bizitzako beste hainbat esparrutan sistemari pitzadurak sortzeko egon litezkeen aukerak aztertu nahi dituzte. Asanbladen ildoan, aldiz, galdera hauek jarriko dituzte mahai gainean: "Harreman parekideak al ditugu asanbladan? Belaunaldi aldaketak nola kudeatzen ditugu? Harreman horizontalagoak lortzeko bidean, nola ari gara? Guetto izaera nola ekidin dezakegu?".

Erasoen aurrean, erresistentzia

Bestetik, topaketa aprobetxatu nahi dute azkenaldian gaztetxeen aurka egiten ari diren erasoak salatzeko: "Gazteon zapalkuntzaz probesten direnen aurrean, gazteon ahalduntzerako eta bestelako bizi eredu bat sortzeko ezinbesteko bitarteko direlako erasotzen dituzte gaztetxeak". Jakinarazi dute kanpaina bat jarriko dutela martxan, eta topaketako manifestazioa izango dela horren abiapuntu. Salaketaz gain, erresistentzia tailer praktikoak ere egingo dituzte: ikuspegi juridikoa, komunikatiboa eta fisikoa landuko dute

2016/01/07

Euskal Herriko gune okupatuen mapa berria eta Gaztetxe Gida plazaratu dira egun berean

Bilboko Okupazio Bulegoak, Euskal Herriko gune okupatuen eta autogestionatuen, edo okupazio mugimendurako interesgarriak diren guneen mapa interaktiboa egin du.
Bide berean, Topatu.eus-eko lagunak Gaztetxe eta Gazte Asanbladen Gida eguneratu du.


Mapa ikusteko, zabaltzeko edo webguneetan "inkrustatzeko" klikatu hemen

Gaztetxeen Gida ikusteko klikatu hemen

Bi helbururekin sortu dira:

1) Gaztetxe eta gazte asanbladak bistaratzeko. Aurrera eramaten ditugun autogestio proiektu mordoa dago Euskal Herrian, eta garrantzitsua iruditzen zaigu horiekin guztiekin argazki orokor bat osatzea.

2) Gune horietan aurrera eramaten den eskaintza alternatiboa antolatzen laguntzeko. Kontaktuak guztion eskura izateak erraztu egin lezake sortzaileen eta gaztetxeen arteko harremana.


Beraz, bi tresna ezberdin berri dauzkazue eskura gaurtik aurrera. Bata gune fisikoei begira (mapa), bestea pertsonei begira (gida). Biak modu kolektiboan elikatzeko eta eraikitzeko dira. Gauzak horrela denon laguntza beharko dugu benetako tresna eguneratua eta eraginkorra izan dadin. Zure laguntza eskatzen dugu berez.


Zelan lagundu dezakezu?

Gune okupatuen MAPA:
Mapa berria ikuskatzea eskatzen dizugu. Txarto dagoen zeozer aurkituz gero, guneren bat egun desagertuta badago, edo berriren bat badago, idatziguzue okupaziobulegoa@gmail.com helbidera eta eguneratuko dugu.

Gaztetxe eta Gazte Asanbladen GIDA:
Zuen Asanblada Gidan agertzen ez bada, edo egon arren, eduki zaharkituak badaude: bidali eguneratu beharreko informazioa eta argazki berriak koordinazioa@topatu.eus helbidera.


Beraz, aprobetxa ditzagun gure baliabideak. Zabaldu informazio hau, plazaratu, komentatu...
Guztion artean egingo dugu!

2016/01/04

Bueltan gatoz! Bariku honetan zabalik

Neguko solstizioa pasa da eta pilak birkargatu ditugu. Beraz, bariku honetan berriz ere izango gara prest zure kexkak argitzen saiatzeko.

Betiko ordutegian eta betiko lekuan aurkituko gaituzu:
Barikuero, 18:00etatik 20:00etara, Bilboko Ekoetxean (Pilota Kalea 5)

Zure zain egongo gara!


Ya ha pasado el solsticio de invierno y ya hemos cargado las pilas. Asi pues, este viernes volvemos para tratar de aclarar las dudas que tengais.

Estaremos donde siempre y en el horario de siempre:
Todos los viernes, de 18:00 a 20:00 en la Ekoetxea de Bilbo (c/Pelota 5)

Te esperamos!