2020/02/20

Gorlizko Kinpuletxe hutsarazi dute: orain beste 20 urte hutsik?

8 hilabete iraun ditu Gorlizko Kinpuletxe etxebizitza komunitario okupatuak, eta hasieratik jasan behar izan du jazarpena, modu eta alde ezberdinetatik. Hogei urte hutsik zeramatzan enpresa baten izenean inskribaturiko eraikina okupatu zuen gazte talde batek 2019ko ekainean, eta hainbeste denboraz inorri axola izan ez zion etxea arazo iturri bihurtu zen bat batean.

Kinpuletxeko kideek desalojo ilegal saiakera salatu zuten 2019ko ekainaren bukaeran, etxearen jabe zen enpresako langileak udaltzainez lagunduta eta agindurik gabe bertaratu baitziren. Istiluak ere izan ziren egun hartan, eta bizilagun batzuek erietxean bukatu zuten zauri arinekin.

Prozesu judiziala etorri zen hurrena. Etxearen jabe den enpresak epaitegietara eraman zuen afera, bizilagunak negoziatzeko eta irtenbide bat adosteko prest egon arren. Hala, proiektuko bi kideri okupazio eta usurpazio delituak egotzi nahi izan zizkieten. Sententziaren zain geratu zen auzia, 2019ko uztailean.

Azkenean iritsi da eguna, eta gaur kaleratu diuzte Kipulentxeko kideak. Zabaldu duten oharrean "orain zer?" galdera luzatu nahi izan dute: "beste 20 urte hutsik?". Erabileraren eta auzolanaren bidez etxe huts horri bizia eman diotela aldarrikatu dute proiektuko kideek, eta Uribe Kostako "espekulazioak" etxebizitza eskubidea urratzen duela salatu dute.

Horren aurrean, erabilera eta okupazioa zilegitzat jo dituzte bizitza duinak lortzeko bidean, eta galdera luzatu diete okupazioaren aurka daudenei: "ez zaituzte asaldatzen etxe hutsak edo etxe gabeko jendea egotea?". Azkenik, Uribe Kostan etxebizitza eskubidearen alde borrokan jarraituko dutela berretsi dute.


Kinpuletxeko kideek honako komunikatua plazaratu dute:

Gaur, Otsailak 20, Kinpulene kaleko 47 zenbakiko etxetik kaleratzen gaituzte. Azken zortzi hilabeteetan, hogei urte luzez hutsik egondako etxe honi bizitza eman diogu espekulatzaileek ezagutzen ez dituzten bi trikimailuren bidez: erabilera eta auzolana. Azken zortzi hilabeteetan, gure ortuan hazitako barazkiak dastatu ditugu, bisita mordoa jaso ditugu egun lasaietan eta are elkartasun gehiago egun gatzetan, etxeko espazio komunekiko lotura sortu dugu… elkarbizitza proiektu alternatibo bat eraikitzea izan da gure asmoa.

Hasieratik genekien etxe huts honetara bizitzera sartzeak prozesu judizial bat ipiñiko zuela martxan. Hala ere, gu marko judizialetik kanpo jabeekin kontaktua sortzeko eta akordio batera heltzeko saiakerak egin ditugu, baina nahiago izan dute etxea beste hogei urte hutsik egoteko aukera mantendu. Okupazioa larritzen zaituztenoi, ez zaituzte asaldatzen etxe hutsak edo etxe gabeko jendea egotea?

Inoiz baino gehiago, argi daukagu duela zortzi hilabete okupatzeko hautu politikoa egitean zuzen geundela. Alde batetik gu, soldata baxuekin, langabezian, kutxazainetan hotzez hiltzen, emakume izateagatik baldintza kaxkarragoetan, gurasoen etxetik irten ezinik… Bestean, alokairuen prezioak neurririk gabe gora, etxe hutsak, espekulazioa. Honen aurrean, okupazioa eta erabilera bizitza duinak eskuratzeko tresna zilegitzat aitortzen ditugu.

Uribe Kostan etxebizitza eskubidearen alde lanean jarraituko dugu.

Un desalojo, otra okupación!

Etxe huts guztien zarrailak ditugu

2020/02/18

Itzubaltzetak gaztetxe berria du

Itzubaltzeta/Romoko Lope de Vega kaleko 12. zenbakia daraman eraikina okupatu zuten zapatuan, otsailaren 15ean, auzo horretako gazteek; hala, euskaltegia eta kultur etxea zena Itzubaltzeta III gaztetxea bilakatu da. Domekan, egun osoko egitaraua egin zuten gune autogestionatu hori ezagutarazteko, eta ekitaldiak egiten segituko dute aste osoan zehar, Aste Horia deitu dioten ekimenaren pean.


Kalejira musikatu bat egin ondoren, Itzubaltzeta III gaztetxearen ateak ireki zituzten zapatuan dozenaka lagunek. Auzo horretako Lope de Vega kaleko eraikina okupatu zuten, duela gutxira arte euskaltegia eta kultur etxea zena. Izan ere, gazteek azaldu dutenez, "aurreko urteetan gertatutako guztiak hautsak harrotu ditu eta, ondorioz, herriak okupazioaren bidea hartzea erabaki du". 2013an Errekagane kalean lekututa zegoen gune autogestionatua utzi zuten gazteek, Gobela ibaiaren obrak egin zitezen. Horiek irauten zuten bitartean, Getxoko Udalak Ezekiel Agirre kaleko etxe-merkea eskaini zion gazte asanbladari bere ekinbidean jarrai zezan, "baina eskainitako guneak mugatu gaitu, autogestiorako trabak jarriz", deitoratu dute.

2016an amaitu ziren Errekagane kaleko ingurua urbanizatzeko lanak, eta handik urtebetera gaztetxea zen eraikina kiskali egin zen. "Gertakizun latz horren ostean Udalarekin batu behar izan ginen eraikin berriaren inguruan aritzeko", eta urtebeteren ondoren, eraikin berria eraikitzeko proiektua onartu zutela gogoratu dute gaztetxeko kideek: "Lehiaketa behin bukatuta, planoak kaleratu eta ikusarazi zizkiguten horiei moldaketak egiteko. Zoritxarrez, eraikitzeko proiektu hori bertan behera geratu da, euren interes falta dela eta". Hori dela eta, zapatuan, hilaren 15ean, auzo horretako gazteek euskaltegi eta kultur etxe zaharra hartzen zuen eraikina okupatzea erabaki zuten.

Itzubaltzeta III okupatu duten gazteek salatu dutenez, Getxoko gobernu-taldeak (EAJ eta PSE-EE) ez du "lehentasuntzat" hartzen udalerrian gaztetxe bat egotea, "bai ordea diru publikoa erabiliz dirutza suposatzen duten eraikin faraonikoak altxatzea: Muxikebarri Antzokia, Musika Eskola eta Romo Kultur Etxea, besteak beste". Era berean, deitoratu dute udal-arduradunek udalerriko lursailekaz "espekulatu" besterik ez dutela gura: "Eraikin hauek bota nahi dituzte, dakigunaren arabera, gazteentzako eskuragarriak ez diren Babes Ofizialeko Etxebizitzak eraikitzeko aitzakiapean". Gazteek ez dute etxebizitza horiek eraikitzearen beharragaz bat egiten, "arazo horri aurre egiteko hainbat alternatiba dagoelako". Azaldu dutenez, "Getxon, 33.600 etxebizitzetatik 3.371tan ez dago inor erroldatuta. Horietatik, 348 Itzubaltzetan daude. Aurretik aipatutako 3.371 etxebizitzetatik %58a noizean behin erabiltzen dira, %30a jenderik gabeko etxebizitzak dira eta %12a bigarren etxebizitza bezala erabiltzen da. Jenderik gabeko etxebizitza horietatik %88a udalerriak kudeagarri ditu".

Horrez gainera, "alternatibaz beteriko errealitatea" eraikitzeko deia egin dute gaztetxeko kideek, "gune intergenerazional bat sortu, auzokideen arteko elkar-ezagutza sustatu, aisialdi alternatibo bat eskaini eta beste hainbat gauza gehiago egiteko".

2020/02/13

Farolin ere okupazioaren alde! Gora Farolin!

Aurtengo Bilboko inauterietan Ane Lindane izendatu dute Farolin.
Bilboko Udaletxean emandako prentsaurrekoan ziri ederra sartu die agintariei eta sistema espekula-kapitalistari.
Gora Farolin!