martes, 11 de febrero de 2014

Orozkoko Udalak gaztetxea ixteko agindua eman du

Orozkoko udalak Gaztetxea ixteko agindua eman berri du, eta hiru eguneko epea eman du Gazte Asanbladak alokairuan duen lokala husteko. Dekretua lokalaren jabeak lehenik, eta Gazte Asanbladak gero jaso dute.

Josu San Pedro alkateak aiaraldea.com-i adierazi dionez, Gaztetxea ireki zenetik auzokideak etengabe kexatu dira lokalak eragiten duen zaratagatik. San Pedroren arabera Udalak auzokideekiko elkarbizitza errespetatzea eskatu dio behin eta berriro, bai eta lokalean txosna irekitzeko baimena eskatu behar dutela ere, "Gazte Asanbladak baina, behin eta berriro muzin egin die Udalaren eskakizun guztiei".

Duela 9 egun lokal horretan ekitaldiak antolatzeko lizentzia eskuratzea eskatu zion Udalak Gazte Asanbladari, eta alkateak adierazi duenez ez dute egin. Arrazoi hauek medio, Udalak lokala ixteko agindua ematea erabaki du, "konponbide bakarra delakoan".

Gazte Asanbladak mobilizazioak deitu zituen

Orozkoko Gazte Asanbladako kideek "desalojoari aurre egiteko" mobilizazioak iragarri zituen joan den astean Gaztetxean bertan.

Asanbladako kideek jakinarazi dutenez eurek ere itxiera agindua jaso dute, "baina ez dugu ulertzen Udalaren jokaera". Azaldu dutenez, "urtarrilaren 23an Alkateak whatsapp bidez esan zigun biharramunean Gazte Asanbladak ostiralero antolatzen duen pintxo-poteoa egiteko txosna baimen berezia eskatu behar genuela, tarterik ez genuenez ez genuen egin". Gaztetxeko kideek adierazi dutenez, "asteburua pasatuta, astelehenean bertan, aktibitateak antolatzeko lizentzia eskaria jasotzen zuen dekretua iritsi zitzaigun, eta asteazkenean bertan bilera eskatu genion Udalari lizentziaz eta dauden arazoez hitz egiteko, gaur artean ez dugu erantzunik jaso, eta udalaren erantzuna gaztetxea ixteko agindua izan da" azaldu dute.

Gazte Asanbladako kideek Udalaren jarrera gogor salatu dute, "ez dute elkarrizketarako borondaterik erakutsi eta Orozkon gazteei zuzendutako eskaintza ezaren aurrean, jarduera kultural eta sozial anitzak antolatzen dituen proiektuaren aurka egin dute". Gaztetxeak herrian babes zabala dutela adierazi dute Asanbladako kideak, eta hustuketa aginduaren aurrean proiektua eta lokala defendituko dituztela.

Era berean adierazi dute Gaztetxea ireki zenean Udalean txosna izateko baimena eskatu zutela, eta fidantza ere eman zutela, "ez dugu ulertzen orain txosna baimena arazo bihurtzea eta elkarrizketarako tarterik ireki gabe indarrez itxi nahi izatea gaztetxea".