2018/09/24

Okupatu Gasteiz Egunaren debekua “zentsura politikotzat” jo dute, urriaren 6an Gasteizera joateko deia mantentzearekin batera

“2005ean Alonsok ez zuen Gaztetxe Eguna debekatu; 2008an Lazcozek ez zuen Piztu Gasteiz Eguna debekatu; 2015ean Marotok ez zuen Gora Gasteiz Eguna debekatu. Antzeko formatua du okupaTU Gasteiz Egunak. Zergatik guri bai?”, galdetu diote Gasteizko Udalari. Urriaren 6an Gasteizko kaleak betetzeko deia egin dute, nahiz eta behin betiko egitaraua aurrerago egingo duten publiko.



Aurreko asteartean debekuaren berri eman ostean, OkupaTU Gasteiz dinamikako kideek prentsa agerraldia eskaini dute ostiralean Gasteizko Udaletxearen aurrean. Lehenik eta behin, urriaren 6ko eguna nola planteatu zuten ekarri dute gogora: urtarrilean eguna gordetzeko deia egin zuten, martxoan eguna iragartzeko kalean zeuden eta apirilean baimen guztiak eskatuta. Zentzu horretan, Gasteizeko kolektibo ezberdinen parte hartzea bilatu eta lortu dutela nabarmendu dute, bertako kultura bultzatu nahi duen egitarau bat aurkeztuz orain dela hiru aste.

Egitaraua aurkeztu eta ordu gutxira, aldiz, Udalaren deia: baimenak atzera bota zituzten, “baina euren borondate ona nabarmentzen zuten, Rafa Plaza erabiltzen uzten zigutelako. Santa Maria Plaza, Kutxilleria Kalea, Burulleria Plaza, Matxete Plaza eta Etxanobe Parkea erabiltzeko baimenak, aldiz, ez zituzten onartzen”. Alegia, eskatutako plaza guztietatik, bakarra, Gaztetxeari itsatsita.

Urgentziazko bilera bat eskatu zuten OkupaTU Gasteizkoek, baina Urtaranen Gobernuak jada bilera burutu zuela esan zien, haiekin kontatu gabe. Beste bat jartzea lortu eta azkenean egin zuten, aurreko irailaren 18an, asteartean.

Udalaren gezurra: “Gasteizen ez da inoiz egon hainbeste plaza erabili nahi dituen jaialdirik”

Udalarekin egindako bilera ordu eta erdi luzatu zen. Udalaren partetik, Iñaki Prusilla Ingurumen eta espazio publikoaren saileko zinegotzia eta Ainhoa Etxeandia Ingurumen eta Espazio Publikoaren zuzendaria egon ziren. “Ez da hiriarentzat ekitaldi bat”, argudiatu zieten orduan, euren jarrera momentu baten ere aldatu gabe. “Enpresa pribatuekin konparatu gintuzten, eta hauek egiten duten espazio publikoaren erabilerarekin”.

“Ausartu ziren esatera Gasteizen ez dela inoiz egon hainbeste plaza erabili nahi dituen jaialdirik”. Orduan gogoratu zieten, besteak beste, 2005ean Alonsok ez zuela Gaztetxe Eguna debekatu; 2008an Lazcozek ez zuela Piztu Gasteiz Eguna debekatu eta 2015ean Marotok ez zuela Gora Gasteiz Eguna debekatu. “Ikustekoa zen euren aurpegia beste jaialdi batzuen egitaraua erakutsi genienean, kasu batzuetan guk eskatutako plaza kopurua baino gehiago erabili izan baitzen”.

OkupaTU Gasteizko kideek emandako argudioek, ordea, ez zuten ezertarako balio izan. “Altxa, eta joan egin ziren bilera amaitutzat emanda”. Hala ere, nabarmendu nahi izan duten detailetxo bat ere eman dute jakitera: kolektiboen espazioak (Auzolana, Gaztetxea, Errekaleor eta Hala Bedi) erabiltzera “animatu” zituzten, bertan baimenak ez direla beharrezkoak argudiatuz eta, adibidez, herri bazkari bat egiteko, edo umeentzako txoko bat jartzeko leku ona izan zitekeela. “Nor uste dute direla eurek abandonatu eta herri ekimenak berreskuratu dituen espazio hauen kudeaketaz hitz egiteko?”, galdetu dute.

Salatu dutenez, Udaleko zerbitzu juridikoen aholku bat da ekimena debekatzea, izena argudituta. “Badakigu ez dagoela inongo aitzakia teknikorik plazen baimenenak ukatzeko, ukatzeko arrazoi bakarra izena da; horrela jakinarazi digute bai modu informalean, bai formalean ere”. Izan ere, Udaleko teknikoekin hilabete guzti hauetan zehar izandako harremana “oso positiboa” izan dela baloratu dute, etengabeko komunikazioa izanik eta dena ondo egon zedin erraztasunak ipiniz.

Erabaki politikoa, orain ospakizun eta erantzun bat izango den egunerako

Hedabide ezberdinetan, baimenak ukatzeko arrazoia urriaren 6an beste ekimen batzuk daudela izan da Urtaranen Gobernuaren arrazoia. Ezkutatu egin dute, ordea, zein espazio dauden hartuta, eta noiz eskatu zituzten hauek erabiltzeko baimenak. “Honekin, edozein negoziaziotarako ateak itxita utzi dizkigute. Guk asmo garbia adierazi dugu hitz egiteko eta ekitaldi batzuk beste leku batzuetan kokatzeko, baina halakorik ez dute esan prentsan. Euren proposamena, hauxe: plaza bakarra erabiltzeko baimena dugu egitarau osoa egiteko”.

“Erabaki politiko” baten aurrean gaudela uste dute Hala Bedik, Gaztetxeak, Auzolanak eta Errekaleorrek. Horrekin batera, baimenak orain dela 6 hilabete baino gehiago eskatuta zeudela gogoratu dute: “Honek guztiak argi eta garbi erakusten digu zentsura politiko baten aurrean gaudela. Honek Alfonso Alonsoren jarrera gogorarazten digu: “Ez zait gustatzen, eta bota egingo dut””, Gasteizko Gaztetxearen kontrako adierazpenak zeintzuk izan ziren gogoratuz.

“Ez ginen jaio inoren gustuko izateko”

Alonsorekin hitzekin konparatu, oraingo honetan “ez da egingo, ez zaidalako gustatzen, eta hauteskunde urtean gaudelako” izango zela uste dute. Horri erantzuteko, ospakizun eguna izan behar zena, erantzun bat emateko eguna ere izango dela baiezttau dute. “Ez dinamikak berak jasandako erasoarengatik, baizik eta zentzura politiko hau aurrekaritzat hartu daitekeelako beste herri ekimen eta jaialdietan. Ez dugu onartuko. Uste dugu erantzukizun kolektibo bat daukagula, parte hartzen dugun kolektiboetatik harago doan erantzukizun kolektiboa”.

“Eskubide kontua da urriaren 6koa. Kolektibook ez ginen jaio inoren gustuko izateko, ez atzean dugun honena -Udala-, ezta beste edozeinena ere”. Kolektibo hauek, “kaletik eragin eta eraldatzeko jaio ginen, belaunaldiz belaunaldi, kontzertuz kontzertu, erakusketaz erakusketa edota programaz programa. Gasteizek erakutsi du zertarako den gai, eta erakutsiko du berriz. Hori da balio digun legitimitatea, eta ez hain urruti geratzen zaigun instituzioena”.

“OkupaTU Gasteiz Eguna egingo da”

OkupaTU Gasteiz Eguna egingo dela baieztatu dute antolatzaileek. Adierazi dutenez, “zaplazteko” hau jaso ostean “indartuta atera gara” eta azken orduetan kultura eta kirol arlotik dozenaka atxikimendu jasotzen ari direla eman dute jakitera, datozen egunetan publiko egingo dituzten atxikimenduak.

“Urriaren 6an ikusiko dugu elkar. Eta egun honen ostean ere bai. Eskubide kontu baten aurrean gaude: ezin gara etxean geratu, eta are gutxiago isilik”.