[argia.eus-etik ateratako berria]
[Prentsaurrekoa osorik]
Datorren irailaren 21ean ostiralarekin hasi eta igandera arte Iraultza Txikien Akanpada antolatu du Lurralde Askea mugimenduak Gipuzkoako Zubieta herrian bertan. Egitaraua eta informazio teknikoa jakitera eman dute ostegunean egindako prentsaurrekoan.
Mahaian haurren jostailuak, baserritik ekarritako barazkiak eta desobedientziari buruzko liburuak zituztela aurkeztu dute Iraultza Txikien Akanpada (ITA) ostegunean Zubietan. Datorren irailaren 21ean ostiralarekin hasi eta igandera arte luzatuko da "bestelako Euskal Herri bat amesten duten herritar eta herri mugimenduei" zuzendutako ekimena. "Bertan konplizitateak eraiki, elkarrekin hausnartu eta konspiratu, egin dezakeguna irudikatu eta alternatibak praktikan jarriko ditugu. Hala ere, batez ere, adin guztietako herritarrok gozatu egin nahi dugu elkarren konpainian", adierazi dute.
Bizitza erdigunean jarriko dutela esan dute, eta eremua antipatriarkala, antikapitalista, komunitarioa, autoeratua, autokritikoa, borrokalaria eta alaia izatea nahi dutela.
Asteburua iragartzeko spot hau kaleratu dute prentsaurrekoarekin batera.
Eztabaida, tailer eta mahai-inguru franko
Astebururako egitarau mardula prestatu dute, "denoi eragiten diguten eta patxadaz lantzeko aukera gutxi izaten dugun gaiez hausnartzeko" zortzi saio.
Kanpaldiko lehena, ostiralean 19:00etan, “Lurrikaren erdian gu berri bat?” mahai ingurua izango da Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta, Emakumeen Mundu Martxa, Amankomunak eta Hiritarron Harrera sarearekin.
Larunbatean bai goizean eta baita arratsaldean ere, hainbat saio izango dira aldi berean, eta kanpaldian parte hartuko duten kideek aukeratu egin beharko dute nora jo.
10:00etan "Herri mugimenduen eta instituzioen arteko harremanak, ezinak eta eginak" saioa izango da, EH Bilduko Larraitz Ugarte, Orain Baiko Laura Perez, Iruñeko Maravillas gaztetxea eta Medeak-eko Josebe Iturriozekin.
Ordu berean hasiko da "Eraso matxistak gure espazioetan" saioa. Bi azpisaiotan banatuko dira, biak ala biak, ez mixtoak. Emakumeentzat* "Trapu zikinak aztergai", Bilgune Feminista, Ezker Abertzalea eta Joxemi Zumalabeko kideekin; gizonezkoentzat "Zergatik egiten dugu gizonok eraso? Zer egin egiteari uzteko?" saioa, Gizonenea, Zipriztintzen eta Toka-ko kideekin.
10:00etan hasiko da "Bizitza burujabetza: alternatibak ezagutzen eta saretzen" saioa ere. Bertan, "Euskal Herri osotik dagoeneko beste klabe batzuetan lanean ari diren esperientziak ezagutzeko aukera ere izango dugu", adierazi dute. Ondorengo proiektuak izango dira, besteak beste: Etxebizitza alorrean Abaraska, elikaduran Orduña, lanean Mbolo kooperatiba, energian Garesko errota, finantza etikoetan Koop57 eta elkarbizitzan Arteako Venta.
Larunbat arratsaldean ere hiru saio izango dira aldi berean 16:00etan hasita:
Batetik, mahai-ingurua “Behetik eraldatzen, mugimendu txuri klase ertainekoetatik?”. Gonbidatuak: Mugimendu feministako ekintzaile kolonbiar Gladys Giraldo, Ongi etorri errefuxiatuak eta Feministaldiko kide Anabel Sanz eta Munduko emakumeak "Babel"-eko Afaf Al Haoui.
Joxemi Zumalabe Fundazioak herri mugimenduen borroka moldeei buruzko tailerra egingo du. "Eztabaidagai gatazkak, biolentziak eta aliantzak".
Eta Bizitza burujabetza gaia jorratuko dute Amaia Oleaga, Andoni Egia eta Beñat Irasuegik "Lurraldearen birjabetza: herri boterea bizitzarako espazioak berreskuratzeko" saioan.
Azkenik, igande goizean bi saio izango dira, 10:00etan hasita:
Kataluniako prozesuari buruzkoa bat, "Euskal herrigintzarako ikasgaiak". Gonbidatuak CUPeko idazkaritza nazionaleko Iígo Robredo, Zergatik ez? kolektiboko Unai Apaolaza eta Sortuko Pello Otxandiano.
"Jendarte likidoa, militantzia likidoak?" saioa izango da bestea. Eraginkortasuna, konpromisoa eta antolaketa ereduak izango dituzte hizpide Bilgune Feministako Saioa Iraolak eta Txomin Poveda soziologo eta militanteak.
Autoeraketa esperimentua
Larunbatean gogoetarako aurrez aipatutako saioen ostean, 19:00etan hasita, "konspirazio erraldoia" egingo dutela jakinarazi dute prentsaurrekoan Lurralde Askeako kideek. "Euskal Herri osoko jende saltseroa batuko garenez, ezin genuen galdetu eta saiatu gabe gelditu. Antolatuko al dugu zerbait elkarrekin datorren udaberriari begira?". Adierazi dute saio bat egingo dutela hiru galderaren inguruan: Zer? Nola? Eta Noiz?
Donostian Bizitza Da Handiena dinamika abiarazi zuten eragileetako kide ugarik dinamizatuko dute saioa eta jakinarazi dute denen gogoeta kolektibotik aterako dela emaitza, aurretik ez dagoela erantzunik pentsatuta.
Kontzertuak, antzerkiak eta performanceak
Kontzertu eta emanaldiak ere izango dira asteburuan Zubietan: Ostiral gauean Erradikalak gara! antzezlana izango dute afalostean, larunbat bazkalostean Nerea Arriola aktorearen Buruhausteak bakarrizketa, arratsaldean Thoreauren inguruan musika poesia eta misterioa performancea eta larunbat gauean bi kontzertu: Pobresiak eta Rukula.
Igandean erraustegiaren aurkako borroka erdigunera
Igandean, bazkalostean, erraustegiaren aurkako borrokak hartuko du protagonismoa Zubietan beste behin ere. 16:00etan aitortza egingo diete aurreko legegintzaldian instituzioetan egonik erraustegia gelditu zutenei, eta ondoren, Gipuzkoa Zutik mugimenduak deituta martxa egingo dute erraustegira eta makro-kartzela egin nahi dituzten eremura.
Adierazi dutenez, jende asko espero dute eta garraio publikoan joateko dei egin diete herritarrei. Jakinarazi dute Donostian, Andoainen, Lasarte-Orian eta Usurbilen deialdi lokalak egingo dituztela jendea elkarrekin joateko. Horrez gain, Lasarte-Oriara autobusak eta trena badirela gogoratu dute, eta bertatik 15 minutura dagoela oinez Zubieta.
Aniztasuna zainduz
Otorduak emango dituztela jakinarazi dute eta horretarako herri jantokia antolatuko dutela "elikadura burujabetza ipar". Prezioak "herrikoiak" izango direla adierazi dute.
Aurreratu dutenez, euskara izango da hizkuntza lehenetsia, eta saio guztietan itzulpengintza bermatuta izango dute euskaraz, gaztelaniaz eta frantsesez, "bakoitzak erosoen duen hizkuntzan hitz egin dezakeela bermatzeko".
Egitarauaz gain, nabarmendu nahi izan dute adin guztietako jendearentzat pentsatu dutela asteburua. "Haurrentzat uneoro jolas libreak izango dira: eskulanak, antzerkia sortu, mozorroak..."
Bideo hau egin dute haur eta gurasoei kanpaldira joateko dei eginez.
Lotako zakua, kanpina, musika tresnak eta bizipoza eramatera deitu dute jendea. Kanpaldia Zubieta herrian bertan izango da –ez erraustegiaren eremuan–, eta lotarako kanpingak jartzeko bi belardi antolatuko dituztela jakinarazi dute. Dutxak eta garbiketarako instalazioak izango dira. Furgonetetan doazenentzat aparkaleku berezia prestatuko dutela esan dute.
Antolatzailea: Lurralde Askea
Prentsaurrekoan adierazi dutenez, kanpaldia Lurralde Askea kolektiboak sinatzen du, "Ongi Bizitzearen euskal errepublika ipar duten lagunen kolektibo txikia". Proiektua ezagutzen ez duenarentzat, horrela definitu dute beren jarduna: "Konpromisoetan oinarritutako desobedientzia zibila eta ohiturei desobedientzia planteatzen dugu bide bezala". Hala ere, argi utzi nahi izan dute kolektibo txikia dela eta herrigintzako beste esparru askotan lanean ari diren askorekin batera ari direla prestatzen kanpaldia.