Urriaren 13an egingo dute Hamaika Botxo eguna, Uribitarte pasealekuan. Bertan, Bilbo herrikoiaren adierazpen anitzei tokia emango diete, kolektiboek beraien proiektuak aurkeztu, hiri ereduak nola eragiten dien azaldu eta alternatibak proposatu ditzaten. Planteamenduak inposatzen ari diren hiri ereduaren gaineko eztabaida asko aberastu dezakeela deritzote antolatzaileek, “bizimodu eta ikuspuntu ezberdinak eremu berdinean” batzen baititu. Eragileko kideen hitzetan “egun honek ikuspuntu ezberdinak elkartu, saretu eta sinergiak sortzeko balio dezake”, eta helburu horrekin bilbotar orori egin diote bertan parte hartzeko gonbita.
Urriaren 13ko egitarauaren baitan, mahainguruak, proiektu ugariren informazio guneak, haur eta nagusiei zuzenduriko tailerrak, liburu eta disko aurkezpenak zein zuzeneko emanaldiak aurkitu ahalko dira. Guzti horretaz aparte, bertaratzen denak kolektiboen materialarekin egingo den “herri denda” denda ere aurkituko du.
Hiri ereduaren inguruko eztabaida mahaigaineratzen hilabeteak badaramatza ere, Piztu Bilbo, itzali MTV eragileak argi dauka beste Bilbo bat eraikitzeko eginkizuna ezin daitekeela bakarka burutu. Hala bada, Hamaika Botxo eguna “erakunde eta enpresen arteko elkarlana bultzatzen ari den hiri eredu honetan” tokirik ez daukaten “bizimodu eta bizi espresio” askotarikoak batzeko eta saretzeko aukera bezala plazaratu dute. “Guk argi daukagu(…). Pertsona guztiek haien tokia topatzeko aukera duten hiri bat nahi dugu. Azpiegitura handiak behar dituzten makro-proiektu eta makro-ebentoek auzoen egunerokotasuna mehatxatuko ez duten hiri batean bizi nahi dugu. Gure auzokideak ezagutu eta haiekin batera hazi nahi ditugu”, adierazi dute.
Babesa Gasteizera
Prentsaurrekoa amaitu aurretik, urriaren 6an egingo den “OkupaTU Gasteiz” dinamikaren antolatzaileei babesa helarazi diete, aurreko astean Udalaren partetik jasandako zentsuragatik. Piztu Bilbo, Itzali MTVko kideek Gasteizekoa Euskadi-Basque Country markaren beste ondorio lazgarri bat dela adierazteaz gain, hurrengo mezua helarazi nahi izan dute: “Gasteizen gertatu bezala, ez da Hamaika Botxo eguna debekatuko duen instituziorik egongo. Herri mugimenduak, bidean jartzen dizkioten oztopo guztiak gainditzeko elkartasun tresna nahikoak dauzka”.