Domekatik aurrera gaztetxe berria dago Donostiko parte zaharrean. Zorionak ba Donostia!
Gazteek irailaren 2ko goizeko 10:30 aldera ireki zuten eraikina. Hamar urtez hutsik darama eta ikastola zaharra izanik auzoko jende gehiena bertatik pasa da eta horregatik “bertara itzultzea” erabaki dute.
Hiria donostiarrak ez direnentzat berreraikitzen ari direla salatu dute eta “laster ezinezkoa” bihur daitekeela alde zaharrean bizitzea. Horrelako espazioaren helburua saretua egotea da, edozein eraso saihestu ahal izateko hezkuntza eta aisialdi askatzailea eskuragarri izateko eta auzotarren beharrak identifikatu eta asetu elkarlana landuz.
Auzoko jendeak espazio baten beharra sentitzen zuen (aisialdi taldeak, guraso elkarteak, gazte asanbladak edo auzo elkarteak). 2014an auzo elkarteak udaletxeari eskatu zion Kaialde eraikina auzoetxe bilakatzea. Udalaren erantzuna izan zen goi mailako heziketarako ezinbesteko eraikina zela. Lau urte pasa ondoren gazteek eraikina okupatu dute.
Hemen gazteek kaleratutako agiria:
10 urte daramatza hutsik Kaialdek, auzoko haurren eskola izateari utzi zionetik, bertatik pasatu ginen auzoko gazte gehienak eta bertara itzultzea erabaki dugu orain. Aspaldidanik izan ditugu auzoan espazio faltaren inguruko lanketa eta eskaera ezberdinak (gazte asanbladak, astialdi taldeak, guraso elkarteak edo auzo elkarteak) Kaialde bera 2014ean auzoetxe moduan erabilia izateko eskatua izan zen auzo elkartearen eskutik, ezinezkoa zen udalaren hitzetan, behar-beharrezkoa zen lanbide heziketa zentro bat atondu behar baitzuten bertan.
Orduandik bestelako zurrumurruak zabaldu dira, zaharrentzako etxebizitzak egingo zituztela azkena, Alde Zaharreko etxebizitzen 20%a hutsik daudenean, edozer gauza auzoaren behar eta eskariei jaramon egin aurretik! hasieran esan bezala eraikinak ez baitu inolako erabilerarik izan azken 10 urteetan.
Hemen hezi ginen eta hemen hezten jarraitu nahi dugu, kolektibotasunean eta autogestioan. Baina baita proiektu kapitalisten oposizioan, argi izan dezagun horrelako espazio eta proiektuek ez dutela luze irauten elkartasuna antolatu ezean. Maravillasek egindako erresistentzia eta jasotako babesa izan daitezen abiapuntu!
Sistema kapitalista heteropatriarkalak eta honen biziraupenaren berme diren instituzio eta alderdi politikoek Donostiaren, auzoaren eta auzotarron interesekiko berezko aurkakotasuna dute, Nork uka lezake auzoa zein Donostia elite ekonomikoaren esku utziz eta berau salerosiz gutxi batzuk aberasten ari direla? Nahiz eta honek auzotar gehienontzat arazoak bakarrik sortzen dituen? Nola azaldu bestela Kortxoenea Gaztetxearen desalojoa? Metroa, Errauskailua eta AHT-a? Nola azaldu gure kaleetako Hotel eta turisten inbasioa? komertzio txikiaen desagerpena? Ordainezin bihurtu diren alokairuen garestitzea (m2=4.280€)? edota haurrek Plaza Berrian ezin jolastu ahal izatea?…
Hiria berreraikitzen ari dira, baina ez Donostiarrontzako, guk hemen ez degu lekurik; jadanik auzotarrontzat bizitza bertan egitea zentzugabea bada, laster ezinezko ere bihurtu daiteke.
Guzti honen aurkako borrokan Alde Zaharreko Gaztetxearen okupazioa (kanpandegi kaleko 2. zenbakian) aurrerapausu esanguratsu eta iraunkorra izatea espero dugu Honela mugimendu sozial guztiek haien esku izango dute batetik beren beharrentzako azpiegitura bat eta bestetik proiektu askatzaile bat eraikitzeko elkargune bat, Alde Zaharrean, Donostia Kapitalistenaren bihotzean.
Auzoaren eta auzotarron autogestioa helburu, horrelako espaziorik gabe ezinezko bihurtzen delako: edozein eraso saihestu ahal izateko saretuta egotea, hezkuntza eta aisialdi askatzaile bat eskuragarri izatea (taberna eta pintxoez haratago ) edota auzotarron beharrak identifikatu eta asetzeko elkarrekin alternatibak bilatzen hastea.
Honek guztiak egiten baitu Gaztetxe bat, espazioak baino “mundua ulertzeko modu batek”. Eutsi munduko borrokalari guztiok! Gerturatu zaitezte Asanblada irekira 16:30, Kanpandegi kaleako 2. atarira guztion artean proiektuari forma eman diezaiogun !
Soilik antolakuntzaz egingo dugulako posible! Autogestioaren ufadak dabiltza kai aldetik!