2013/01/08

Azkuna munduko alkaterik onena?! Bai zera!

Kukutza, Patakon eta Uztaldi gaztetxeak hustea; Txori Barrote eta Kaskagorriri bi urteko debekua ezartzea; euskara baztertzen eta murrizketa eta pribatizazioa oinarri dituen udal politika bultzatzea; Iñigo Cabacasen heriotzaren aurrean ostrukarena egitea; Espainiako Armada goratzeko erakusketa bat laguntzea; bere burua Espainiako errege-erreginen anfitrioi fideltzat aurkeztea… horiek Azkunaren benetako merituak.


City Mayors Fundazioak Iñaki Azkuna Bilboko alkateari eman dio World Mayor 2012 alkate onenaren saria. 900 hautagairen artean Azkunak lortu du aipatutako saria, bere agintaldietan “ongizaterik gabeko eta kutsaduraz betetako” hiria “Europako erakusleiho” bihurtu dela argudiatuta.

Bederatzi hilabeteko hautaketa prozesua eta gero, Iñaki Azkuna izendatu du City Mayors Fundazioak 2012ko munduko alkaterik onena, Marcelo Ebrard Mexiko Hiriko alkatearen erreleboa hartuz. Fundazioak 2004tik banatzen du sari hau ustez, alkateek “euren komunitateei eginiko ekarpen iraunkorra aitortu eta goraipatzeko asmoz”. Fundazioak azpimarratu duenez, Azkuna Guggenheim Museoaz baliatu da “hiria biziberritzeko” eta “gainbeheran zegoen hiri industriala turismoari begira” jarri du.

Sari horren aurrean iritzi kontrajarri ugari jaso dira sare sozialetan, jeltzalearen agintaldian gertatutako ezbeharrak ugariak izan baitira. Besteak beste, Azkunaren Udal Gobernuak 2009an Txori Barrote eta Kaskagorri konpartsak bi urtez Aste Nagusitik kanpo uzteko onartu zuen ebazpena dugu. Bi urte horietan txosnarik izan ez arren Txori Barroteren zein Kaskagorriren presentzia nabarmentzekoa izan zen jai gunean, beste konpartsek erakutsitako elkartasunari eta eguneroko lana esker. Hala ere, hori ez da konpartsekin izan duen tira-bira bakarra, Inauterietako desfileak zer esana ekarri baitu urte askotan zehar. Bilboko Konpartsak nekez ulertzen du Inauterietako hainbat ekitaldi elkarlanean egin ahal izatea baina desfilearen inguruan akordiorik ez egotea. Urteak dira, Udalak desfile bat eta konpartsek beste bat egiten dutela, beti ere, Azkunak Kale Nagusitik igarotzeko baimena ukatzen dielarik konpartsakideei.

Gaztetxeak, jomuga

Ahaztu ezina da ere, 2011ko irailean Udalak Errekaldeko Kukutza Gaztetxea hustu eta eraisteko baimena eman zuela eta hiru egunez auzoan Ertzaintzaren bortizkeria jasan behar izan zutela auzokide eta gaztetxea defendatzera bertaratutako lagunek. Operazio horren ondorioz pertsona ugari zauritu ziren baina alkateak Ertzaintzaren jarrera babestu eta erretako hainbat edukiontzi erabili zituen arreta desbideratzeko. Baina Kukutza Azkuna jaunaren amorruaren lehendabiziko jomuga baino ez zen izan, haren atzetik Uribarriko Patakon eta Santutxuko Uztaldi gaztetxeen itxiera ere heldu baitzen.

Iñigo Cabacas

Guzti hori gutxi balitz ezin da aipatu gabe utzi bere agintaldiaren baitan, 2012ko apirilaren 5ean, Athletic-Schalke 04 taldeen arteko norgehiagoka jokatu eta gero, Ertzaintzaren pilotakada batek Iñigo Cabacas gaztea hil zuela Indautxun eta bederatzi hilabete geroago bere heriotza argitu gabe dagoela. Aipagarria da Cabacas auzian Azkunak izaniko jarrera, beste kasu batzuetan erakusten duen prestutasuna ahaztu eta gertakaria futbolaren inguruan egon ohi den indarkeriarekin lotzeko saiakera eginez.

Auzoak, ahaztuta

Auzoekiko duen jarrerak ere zer esana ekarri du hainbatetan. Urrunago joan gabe, 2012ko azaroan burututako udalbatzan argi geratu zen 2013ko udal aurrekontuen murrizketak zuzenean eragingo ziela auzoei eta 100.000 euroko beherakada pairatu dute. Era berean, zenbait auzotan murrizketak eguneroko ogi bihurtu dira baita euskararen alorrean ere. Esaterako, 2011ko urrian, Otxarkoagako lagunei euskara ikasteko diru laguntzak ukatu zizkien Udalak eta Azkunak 2011ko abenduaren 2an euskararen aldeko agerraldia egin bazuen ere, %22an jaitsi zuen euskal hizkuntzari dagokion aurrekontua.

Zeresanik ez du auzoetako jai batzordeek festak antolatzeko jasotzen duten huskeria, azken urtean %37,5 jaitsi dena. Horrela, auzo bakoitzak 1.022 euro jasotzetik 789,47 izatera igaro da. Hori bada auzoetako jaiak bultzatzea erraza da udalaren laguntzarik gabeko auzoak imajinatzea.

Militarren lagun

Nola ahaztu, bestalde, Garellanoko militarrei munduko alkaterik onenak abenduan emandako eskukaldia. Espainiako Armadaren buruzagi gorenak lagun, Garellano errejimenduaren 125. urteurrena goraipatzeko eginiko erakusketa inauguratu zuen Azkunak berak, Udalak berariaz utzitako Basurtuko Udaltegian.

Baina zerrenda luzeagoa da, luzeegia agian. Merkataritzako langileen aurkako adierazpenak, txinatarrei buruzko iritzi xenofoboak, parte hartzetik gabeko udal politikak, etxerik gabeko lagunen aurkako sarekada arrazistak, gehiengo absolutuari esker aurrera ateratako erabaki absolutistak… eta abar. Baina tira, badakigu alkateak ez dituela hauek guztiak sekula bere kurrikulumean jarriko, txirenegia da horretarako.

Iturria: Bilboko Branka