Iragan ostiralean Gasteizko Gaztetxean sartu zen Ertzaintza, bertan zueden gazteak hormaren aurka jarri eta bat identifikatuz. Azken aldian indar armatuen presentzia handia pairatzen ari dira. Horren harira, poliziaren zigorgabetasuna salatu dute, eta Urkulluren ertzainei “haien patruila-autoetan sartu eta haien kuarteletan gera daitezela” eskatu diete.
Gasteizko Gaztetxearen oharra:
Herritarren Segurtasuna. Hori da Urkulluren kabineteak EAEko indar armatuak izendatzeko erabili duen termino berria. Eredu berri bat herritarrengandik hurbil egongo dena, “gertuko ertzaintza bat, segurtasuna, bermea eta konfiantza eskainiko duena”, komunikabideek aurreko urtarrilaren 12an azaltzen zuten bezala.
Hurbila eta hurbila benetan, zoritxarrez Gasteizko gazteek berriro pairatu behar izan dugun moduan. Aurreko ostiralean, hilaren 25ean, arratsaldeko seietan Ertzaintzak berriro ekin zion Gaztetxea erasotzeari. Etxea ekintza ezberdinetan ari ziren gaztez beterik zegoen, eta bat-batean modu autoritarioz, aurpegia estalita eta peloteraz armaturik eraikina okupatu zuten. Kide guztiak patiora jaitsi eta paretara begira jarri zituzten, atzean gertatzen zena begiratzeko burua bueltatzen zuen edonor mehatxatuz.
Berriro ere ausaz pertsona bat identifikatu, Gaztetxeko “arduraduntzat” hartu eta berarekin etxe osoa miatu zuten, aurrekoetan egin duten moduan. Oraingoan, guztia hankaz gora jarri beharrean ate guztiak ireki eta bideo kameraz grabatzeari ekin zioten. Azkenik, ustezko “arduradunari” taberna irekitzea agindu zioten, eta beran, atestatuaren arabera, 39 argazki kendu zituzten paretatik.
Hasiera hasieratik ustezko “audientzia nazionaleko agindu” bati buruz hitz egin zuten, Gaztetxean egiten zeuden erasoa justifikatzeko, baina behin baino gehiagotan galdetu bagenien ere, ez ziguten inori erakutsi.
Ekintza polizial hauekin nekatuta gaude. Gorputz polizial honen inpunitatea salatzen dugu, kolektibo eta norbanako askoren salaketen gainetik nahi dutena egiten jarraitzen baitute. Gaztetxea hiri honetako gazte ezberdinek eraikitzen dugun esparru autogestionatu eta asanblearioa da, eta poliziak ez du hemen inolako lekurik. Eta errepikatzen nahi dugu argi gera dadin, gaztetxean ez dugu inolako poliziarik nahi. Kokotaraino gaude, honako hau ez baita izan sartu eta gure adiskide presoen argazkiak eramaten dituzten lehenbiziko aldia.
Duela lau egun eskas Ertzaintzako zuzendari berriak, Gervasio Gabirondok, hitz hauek esan zituen Deia egunkariko elkarrizketa batean: “Patruiletatik jaitsi beharra dugu, jendearengana hurbildu eta dituen beharren inguruan galdetu behar diegu”. Guk ezetz esan nahi diegu, haien patruila-autoetan sartu eta haien kuarteletan gera daitezela.
Azkenik, Plazara!-ren deialdiarekin bat egin nahi dugu, asteazken honetan 19:30etan Olagibel kaleko Ertzaintzaren komisaria aurrean egongo gara inpunitate poliziala salatu eta Xuban Nafarrateri gure elkartasuna adierazteko.
Inpunitate polizialik ez!
Polizia Gaztetxetik kanpora!</i>