Patakon Gaztetxea sortu zuten eraikin publikoa “auzokide eta eragileen gestiopean” uzteko eskatu diote alkateari, auzoari zerbitzuak eskaini ahal izan diezaioten. Koherentzia falta egotzi diote jeltzaleari, hain justu orain hilabete ekintzaileentzako enpresaldea ixtea erabaki baitzuen. Gazte ekintzaileentzako zentroa egin nahi du Patakon Gaztetxea zegoen eraikinean.
Udalak Patakon Gaztetxea sortu zuten eraikinean gazte ekintzaileentzako zentroa martxan jarriko duela iragarri du gaur goizean, Azkunaren ahotan. Erabakiaren berri izan eta berehala Uribarriko gazteek erantzuna helarazi diote Bilboko alkateari.
Egitasmoak Uribarriren beharrei erantzuten ez diela aurpegiratu diote Udal Gobernuari eta auzoak oraindik ere espazio soziokulturalak behar dituela gogorarazi. Horregatik, Uribarri Piztu proiektuarekin bat eginez, Matiko kaleko eraikin publikoa auzokide eta eragileen gestiopean uzteko galdegin diote, “auzotik eta auzoarentzako zerbitzu herrikoiak eskaintzearen konpromiso sendoari” helduz.
Gainera, egitasmoa enpresari berri eta saltoki txikiak babesteko zentroa izango dela esanda “koherentzia falta nabaria” leporatu diote Azkunari, “duela hilabete eskas Udalaren ardurapean dagoen Lan Ekintzako ekintzaileentzako enpresaldea itxi baitute”.
“Uribarriko gazteek auzoaren babesarekin aurrera eramandako proiektuak proposatzen duen espazio autogestionatuak, baldintza hau betetzeaz gain, auzoko beharrak asetzen ditu eta auzolanean eraikitakoa den heinean, ez dago inongo diru publikoren beharretan”, diote gazteek.