Poliziak ikasleak atera ditu, eta makinek behera bota dute Gurutze Gorriak Leioako campusean duen eraikina. Ikasleek mobilizazioak iragarri dituzte.
Eraikina okupatuta zuten ikasleek eman dute abisua goizeko lehen orduan: Ertzaintza EHUren Leioako campusera (Bizkaia) joan da, eta Gurutze Gorriaren eraikina hustu du. Eraikina okupatuta zuten ikasleak atera ondoren, makinak iritsi dira unibertsitatera, eta eraikina eraitsi dute. Leioatik! ikasle proiektu komunikatiboak eman du gertakarien berri sare sozialetan.
Okupazioa sustatu duten ikasleek salatu dutenez, Ertzaintzak ez die eraikina husteko inolako agindurik erakutsi. Ikasleek EHUri leporatu diote eraikina hustu eta eraisteko erabakiarekin ikasleen autogestio eta jabetza kolektiborako borondatea zapuztu nahi izatea. Hurrengo egunetan mobilizatzera deitu dituzte Leioako campuseko ikasleak.