2018/01/08

Kalezulo gaztetxea desalojo arriskuan dagoela jakinarazi dute

Hainbat epaiketa eta borrokaren ostean, prozesua amaierara iritsi da. Erandioko Kalezulo gaztetxea desalojo aginduaren zai geratu dela jakinarazi dute gaztetxeko kideek sare sozialen bitartez.


"Kalezulo gaztetxea desalojo aginduaren zai geratu da, prozesamendu zibilaren bukaera eman delarik", azaldu dute gaztetxeko kideek euren sare sozialetako kontuetatik. Momentu honetatik aurrera gaztetxearen etorkizuna ez dagoela batere garbi adierazi dute: "ziurrenik, sei urtez Erandio zein inguruetako birika izan den gazteontzako espazio aske hau itxiko dute epe oso motzean".

Kalezulo gaztetxearen oharra:

Badira sei urte baino gehiago Kalezulo proiektuaren inguruan, Erandioko hainbeste gazte batu eta gaur egun gaztetxe den eraikina okupatu eta biziberritu genuenetik. Ordutik, egindako lan izugarriaren ondorioz, gaztetxea herriko eta inguruko erreferente bilakatu dugu guztion artean. Herritik proiektu ezberdin asko sortu dira Kalezulon eta Euskal Herriko gaztetxe handienetarikoa izanik, erandioztarrek antolatutakoaz gain, asko izan dira gaztetxea bere egin eta erabili izan duten elkarte, kolektibo eta talde ezberdinak. Honengatik guztiagatik, gaztetxea hasieratik jarraitua izan da, bere ibilbide osoan zehar: legez kanpoko kaleratzea, kideen jarraipen polizialak, udaletxearen presio eta gezurrak, prozesu administratibo eta penalak, isun handien mehatxuak…etab. Baina hasieratik, konpromisoz eta sormenez, auzolanean aurrera egin dugu.

Oraingoan gainera datorkiguna epaitegi zibilaren desalojo agindua da. Aurrekoetan ez bezala, ez daukagu bide judizial honetan inguruko esperientzia gehiegirik eta legalki aurre egiteko ez gaude hain prestatuak, nahiz eta, Bilboko okupazio bulegoaren lana beti bezain fina izan den. Gora zuek eta mila esker! Hala ere, gure ahalegin guztiekin jarraituko dugu gaztetxea defendatzen eta hurrengoentzako esperientzia baliagarriak sortzen.

Elkartasuna eta auzolana dugu eta izaten jarraituko dugu aurrera egiteko! Borroka da bide bakarrra!

Denok okupatu behar dugu zerbait gutxi batzuek denarekin espekulatu ez dezaten!