Duela urtebete Mungiako hainbat gaztek sortutako Alkar Hegaz taldearen ekimenez okupatu dute Errota gaztetxea sortzeko eraikina. Udalak gazteen beharrei aterabide bat ematen ez ziela ikusita, eraikin huts bat berreskuratzea erabaki dute, eta dagoenko auzolanean ari dira dena txukuntzen. Gaztetxearen proiektua herritar guztiekin eraikitzeko asmoa azaldu dute.
Eta asmoak azaldu eta gero, ekintzetara pasatu dira zuzenean. Gauzak horrela, hainbat ekimen antolatu dituzte maiatzaren 5etik 10era: hitzaldia, ikastaroak, zinea, lan eguna, musika...
Informazio guztia Twitterren eskura dezakezu: @Alkarhegaz
Alkar Hegaz gazte taldearen oharra:
Duela urtebete, herrian zeuden gabeziei aurre egiteko hainbat gazte elkartu ginen. Gabezia horien artean hurrengoak nagusitzen ziren: gazteon arteko komunikazio falta, elkartzeko eta bertan hainbat ekintza aurrera eramateko lokal baten falta… Alegia, lokartutako herri bat iraultzea.
Behin elkartuta, martxan jarri genuen eztabaida prozesu luze bat hainbat ideia elkartrukatuz. Denbora aurrera joan ahala, herriaren atxikimendua behar genuela ohartu ginen: herriko elkarteen babesa, ahalik eta kuadrilla ezberdinen parte hartzea sustatzea… Azken finean, herriaren indarra eta oihartzuna lortzea.
Eztabaida sakonetan murgildu ondoren, ekintzarako unea heldu zela uste genuen. Hainbat ideia planteatu genituen, denak ere gazteongandik herriarentzako zuzenduak. Hauen artean, adibidez, poteo informatiboak, umeentzako tailer ezberdinak, beste gaztetxe batzuetako esperientziak entzuteko hitzaldiak antolatu, herrian zehar informazioa zabaldu…
Beste alde batetik, uste genuen udaletxeari gure planteamendua aurkeztea eta proposatzea egokia izango litzatekeela. Hasieratik zenbait idatziren bidez helarazi genion gure proposamena, baina hortik haratago joateko hautua egin genuen eta beraiekin bilera bat burutu genuen.
Planteamenduarekin bat zetozela saldu nahi izan baziguten ere, ez ziguten ez errekurtsorik ez babesik eskaini. Beraz, gure kabuz aurrera ekiteko erabakia hartu genuen. Ahalik eta gazte gehien batu eta guk amesten genuen lokala okupatzeari ekin diogu. Gainera gazte guztien konpromisoa ikusteak oraindik ere zilegitasun gehiago eman dio gure hautuari. Hala ere, gure zoritxarrerako, presentzia poliziala nagusitu da arratsalde osoan zehar. Oztopo guztien gainetik, sartzea eta gure helburua arrakastaz egi bihurtzea lortu dugu. Sentsazio eta emozio asko bizi izan ditugun arren, hemendik aurrera hau guztia kudeatzeari ekin behar diogu.
Alkarregaz hasitako bideari, Mungiko herritarren artean, jarraipena eman eta aireratuz utopiarantz Alkar Hegaz egiteari ekingo diogu.