2013/11/04

Eraikin bat okupatu dute Atxondon, etxebizitza duina ahalbidetuko dien espazio kolektibo bat sortzeko

“Etxebizitzaren arazoari balizko irtenbide bat emateaz gain, egungo etxebizitza politika ere eztabaidan jarri nahi dugu”, adierazi dute okupazioa gauzatu duten lagunek. Jakinarazi dute adin ezberdinetako eta desberdin pentsatzen duen bizilagun talde bat dela, eta auzoari eta “guztiz utzita eta enbargatuta” dagoen eraikinari kolorea eman nahi diela, auzolana sustatuz.

Okupazioa gauzatu duten herritarren oharra:

Adin ezberdinetako eta desberdin pentsatzen dugun bizilagun talde batek, etxebizitza bloke bat okupatu dugu Barraski inguruan. Ekintza honekin, etxebizitzaren arazoari balizko irtenbide bat emateaz gain, egungo etxebizitza politika ere eztabaidan jarri nahi dugu.

Atxondoko herritarrok urte asko daramatzagu Barraskiko blokeen degradazioa ikusten. Eta bitartean, familia etxetik ezin irten gabiltza gaur egun bizi ditugun lan- eta giza- egoeren ondorioz. Jasangaitza da egoera, banku eta promotoreen politikek eta neurriz kanpoko alokairuek jasangaitza bihurtu dute egoera.

Gogaituta gaude banku eta beraien bidegabeko hipotekena. Gogaituta, azken hamarkadetan Atxondon bizi izandako etxebizitza politikena: txaletak eta promotoreen eta bankuen onuran eraikitako 240 mila euroko etxe-multzoak, besteak beste.

Horrela, urrats berri honekin, auzoari eta guztiz utzita eta enbargatuta dagoen eraikin bati, kolorea eman nahi diogu. Auzotar guztiek etxebizitza duina izateko aukera izango dugun espazio kolektibo bat sortu nahi dugu. Eta horretarako, auzolana balioetsi eta bultzatuko dugu “Barraskiloren”.

Ekintza gardena, publikoa eta baketsua da. Auzoa eta okupatutako etxeak errespetatzeko ardura zintzoa dugu. Hortaz, Atxondoko bizilagunoi, etxebizitza eskubidearen aldeko ekimen hau babestera animatu nahi zaituztegu. Eta baita, etxebizitzaren arazoaren inguruan sortu daitezkeen bestelako ekintzetan parte hartzera bultzatu, ere.

Guztion artean kolorea eman diezaiokegu “Barraskiloreri”.