2013/11/22

4.500 euroko isuna iritsi zaie Amurrioko 9 gazteri eraikin bat okupatzeagatik

Landazuri eraikina okupatzeagatik auzipetutako 9 gazteei 4.500 euroko isuna heldu zaie aste honetan. Duela bi urte hartu zuten Amurrion okupazioaren bidea, ordutik hiru okupazio burutuz, horien artean Landazurikoa.

EAJk gobernatzen duen udalarekin ika-mika ugari izan dituzte, baina adierazi dute azken urteetan gazteek kalean egin duten lanak eta okupazioek udal gobernua posizioz mugitu eta aterabide bat proposatzera bultzatu dutela: “Momentu honetan proposamena aztertzen eta osatzen ari gara inoizko parte hartze eta inplikazio handienarekin”.


Amurrioko Gazte Asanbladaren oharra:

Lehenik eta behin Amurrioko Gazte Asanbladatik gogor salatu nahi dugu Landazuriren okupazioarengatik Amurrioko udal gobernuak (EAJ) jarritako salaketaren ondorioz herriko 9 gazteren aurkako epaiketa. Horren ondorio izan da aste honetan jasotako 4.500 euroko isuneko sententzia.

AGAren 7 urteko ibilbide honetan agerian geratu da gazteria antolatzea eta pairatzen duen problematikari eustea eta horri buelta eman nahian lan egitea gogaikarri bihurtu dela gure herriko agintarientzako. Hamaika izan dira bidean jarritako oztopoak eta debekuak baina hala eta guztiz ere gure bidea egiten jarraitu dugu.

Duela 2 urte okupazioaren bidea hartu genuen, proiektu bat aurkeztu eta gero udal gobernuaren partez ateak itxi zizkigutenean. Aukera eza horien aurrean 3 okupazio burutu izan ditugu, tartean Landazurikoa, eta gaur da eguna non udal gobernuak berak legitimo egin duen gure lana eta gure lan egiteko tresnak (okupazioa barne), 7 urte hauetan eduki ez dugun aukera mahai gaineratuz.

Urte hauetako kale lanak eta okupazioek udal gobernua posizioz mugitu eta aterabide bat proposatzera bultzatu dute, momentu honetan aztertzen eta osatzen ari garena inoizko parte hartze eta inplikazio handienarekin.

Epaitegiek beraz ez digute arrazoirik eman baina herria izan da gure lana legitimo egin duena, aurrera jarraituko dugu beraz epaitegi, sententzia eta isun guztien gainetik, nahiz eta gaurkoan ospatzeko arrazoi askorik ez dagoen, gazteok eginiko lana zoriondu nahi dugu.