Ostiko bat eman zion Ametzolako geltokiaren ondoan zegoen emakume bati. Epaiak dioenez, ez zegoen ostikorik emateko arrazoirik eta 540 euroko isuna eta 160 euroko kalte ordaina ezarri dizkio. Kukutzarekin Elkartasun Taldeak garrantzia handia eman dio epaiari “poliziak erabilitako arrazoirik gabeko bortizkeria” agerian uzten duela uste baitu.
Bilboko Instrukzioko 4. Epaitegiak, Ametzolako geltokiaren parean Kukutza gaztetxea hustu ondoren, elkartasuna adieraztera hurbildu zen gazte bati ostikada bortitza eman zion ertzaina zigortu du. 45 egunez 12 euro ordaindu beharko ditu ertzainak (guztira 540 euro) eta horrez gain, 160 euroko kalte ordaina ezarri diote, ostikada emateko beharrik ez zegoela ebatzita.
Epaiak dioenez, defentsak aurkeztutako bideoan ikus daiteke ostikada emateko arrazoirik ez zegoela. Izan ere, gertakaria gaztetxea zegoen tokitik 800 metro baino gehiagora jazo zen, eta bertan ez zegoen istilurik. Are gehiago, epaileak zigorra arintzea baztertu du. Bere esanetan “ez da azaltzen poliziaren esku-hartzea oztopatzen duen jarrerarik, ezta ertzainak argudiatzen duen distantzia jartzearen beharrik, are gutxiago erabilitako bitartekoekin”. Hori dela eta, ez du uste “ofizioa edo kargu betetze” salbuespena ezar daitekeenik.
Kukutzarekin Elkartasun Taldetik gogorarazi dute gaztetxea hustu eta ondorengo protestetan dozenaka lagun zauritu zirela Ertzaintzaren bortizkeriaren ondorioz. Gutxienez 103 mediku txosten jaso ziren, eta horietatik 50 inguru, auzibidera eraman ziren. Gehienak, baina, artxibatu dira, erasotzaileak (ertzainak) identifikatzeko zailtasunak direla eta.
Kasu horretan, ordea, epaileak Ertzaintzaren Disziplina Taldeari eskatutako barne ikerketari esker, agentea identifikatua izan da. Defentsak jakinarazi zuenez, “ez da erraza izan” agentea identifikatzea. Izan ere, lehen saiakeran Bilboko polizia-etxeko buruari zein Brigada Mugikorreko buruari galdetuta, epaileak ez zuen erasotzailearen identifikazioa lortu. Hirutan erantzun zioten ez zela posible ofizial hori identifikatzea, “agente guztiak aurpegia estalita eta identifikazio zenbakirik gabe zihoazela arrazoituta”.
Elkartasun taldeak garrantzia handia eman dio epaiari “poliziak erabilitako arrazoirik gabeko bortizkeria” agerian uzten duelakoan.