Baionako Plantoun auzoan dagoen etxe huts bat okupatzea egotzita Hartzea Lopez Arana eta beste hiru herritar atxilotu zituen poliziak joan den larunbatean. Segidan libre utzi zituzten, eta berriz etxe okupatura bueltatu dira bizitzera.
Bihar arratsaldeko 14:00etan konbokatuak izan dira komisaldegian eta orduan erranen diete formalki zertaz akusatuak diren. Eraikinaren kontzepzioan diren akatsak direla eta eraikinek eman dituzten arazoengatik hutsak diren etxeetako bat okupatu zuten Lopez Aranak eta bertze pertsona batek maiatzaren 23an, bi egunetara inolako abisurik jaso gabe zerraila aldatuz etxetik kanporatuak izan ziren. Larunbat goizean berriz zerraila aldatu eta etxera sartu ziren, baina arratsaldean han zirelarik poliziak atxilotu zituen. Atxiloketen gainetik ordea, “etxebizitza arazoari aurre egiteko” okupazioa bultzatu nahi dute. Aldi berean etxebizitza sozialaren erakundeak (Habitat Sud Atlantic) duen jokabidea ere salatu nahi dute. Etxe horiek diru publikoarekin eginak izan dira, eta egun hutsak dira. Ipar Euskal Herrian den etxebizitza arazori buruz eta okupazioari buruz mintzatu da Lopez Arana Info 7 irratian egin dioten elkarrizketan.
Okupatutako eraikina etxebizitza sozialak dira, HLMak, eta eraikuntzan izan ziren arazoengatik bost etxe hutsak dira, eta ezin dira ez saldu, ezta alokatu ere. Auzitan da afera.
Etxebizitza hutsak, eta jendea hala ere "kaleratua" izatea bezalako egoerak ematen direla salatu du Lopez Aranak, bere egoera publiko egin zuelarik. Salaketarekin batera zerbitzu sozialei elkarrizketarako deia ere zabaldu zien okupatzaileak ortziralean. Etxebizitza Habitat Sud Atlantic-ena da.
Lopez Aranak hilabeteetan etxebizitza baten bila izan zirela argitu du, baina Euskal Herriko etxebizitzaren arazoa dela eta bizitzeko tokirik ez atzematean okupazioaren bidea hartu zutela. Diru publikoarekin egina izan den eraikina duela urte eta erdi hutsik dela azaldu du.
"Era normal batean bizitzeko sartu ginen, eta gure altzari eta afera pertsonalak sartu genituen bertan. Kanporatu gintuztelarik aste bete kanpoan pasa eta gure gauza guztiak barnean izanki berriz sartzea deliberatu genuen eta afera publikoa egitea ere bai, etxebizitza sozialaren erakundeak ze postura hartzen duen salatzeko" adierazi du Lopez Aranak.
Dirudienez ez dira bide horren aldekoak izan. Izan ere etxea okupatzen ari zirenek ez zuten inolako segurtamen administratiborik. Hala ere Plantoum auzoko bost etxe hutsak dira, izan ere etxeak egin eta hilabete gutxira arazoak ematen hasi ziren, ura barnera sartzen baitzen, beste arazo batzuen artean.
Hutsak diren bost etxeak zerbitzu sozialei salduak izan dira, eta beste jabeei ere saltzeko gomita egin zaie.
Iturria: www.kazeta.info