Lekeitioko Gazte Asanbladak apirilaren 9an Pascual Abaroa etorbidean okupatu zuen eraikina Gaztetxe bilakatu dutela iragarri du. Larunbatean antolatu duten kalejira baten ostean herritarrei ateak ireki eta eraikina txukuntzeari ekin diote auzolanean.
Lekeitiok izan duen azken gaztetxearen eraikin bera da okupatu berri dutena. Herriko Abaroa jauregi historikoaren ondoan dagoena da, zaintzailearen etxea zena. 2013an gazteak Fraileen etxeetatik indarrez aterarazi zituzten eta orduan, Abaroa Jauregira aurrena eta ondoren egunotan berriz okupatutako eraikinera mugitu ziren. Han urtebete inguru izan ziren, harik eta udal gobernuarekin izandako tira-biren ostean etxea hustu zuten arte.
Gaztetxe berria zapalkuntzari eta herriko problematikei “soluzio errealak planteatzen hasteko lehen pausoa” dela azpimarratu dute. Gazte asanbladako kideek, lan ezengonkortasuna, praktiketako kontratua, institutuko diziplina militarra, sare sozialei lotutako harremantze eredua, hipersexualizazioa eta prekaritatea aipatu dituzte, besteak beste, Lekeition aurre egin beharreko gai gisa.
Euskal Herri osoan "ematen ari den gaztetxeen eta okupazioaren zabalpen eta birkonfigurazio prezesuan" Lekeitiko gaztetxetik haien ekarpena egitera datozela adierazi dute. Hurrengo asterako lan egunak antolatu dituzte gaztetxea erabilgarri jartzeko: egunero 10:00etan.
Ostiralerako bertso-kantu gaua eta larunbaterako Sustrajah herriko taldearen kontzertu akustikoa antolatu dituzte.