Udaletxe plazan abiatuko da 17:00etan, 'Maravillas aurrera' lelopean. Protesta zaratatsuari ekin diote arratsaldean, eta foruzainak eta Espainiako Poliziak oldartu egin zaizkie.
Salda beroa banatzeko hitzordua iragarri zuten atzo gaztetxeko kideek. 18:00etan batu dira. Navarreria plazan egin nahi zuten ekintza. Baina ez dute aukerarik izan horretarako, poliziak ez die sartzen utzi. Protesta zaratatsua egiten ari dira orain Alde Zaharreko karriketatik. 20:00etan oldartu egin zaie Foruzaingoa eta Espainiako Polizia, gomazko pilotak jaurtiz. Alde Zaharrean gertatzen ari dena zuzenean eskaintzen ari da Ahotsa.info ataria.
Atzoko oldarraldian zauritutakoen irudiak eskutan egin dute prentsaurrekoa Maravillas gaztetxeko kideek. "Txakur gorri zein urdinek" 50 lagun baino gehiago zauritu zituztela salatu dute. Gaztetxean arriskurik egon ez dela, eta bizilagunei kalterik eragin ez dietela gaineratu dute. Nafarroako Gobernuak gaztetxeak ordezkatzen zuen ereduaren beldur dela uste dute.
Manifestazioa deitu dute gaztetxearen alde urtarrilaren 19rako. Iruñeko Udaletxe plazatik irtengo da manifestazioa 17:00etan, Maravillas aurrera lelopean.