2017/11/28

Hondeamakinak sartu eta hesia eraikitzeko lanak hasi dituzte Tosun

Goizeko 10ak aldera langile talde bat Ertzaintzaren bi patruilak lagunduta, Tosun agertu zen astelehenean. Hondeamakina Andra Mariko lurretan sartu eta hesia eraikitzeko lubakia egiten hasi ziren.


Itzuli dira hondeamakinak Tosura. Urriaren 17an landa hustu eta bertan zegoen etxola eraitsi zuten zenbait langilek, Ertzaintzak lagundurik. Hortik lau egunera ordea, herritarrek berriz landa eremura sartu eta Tosu berreskuratu zuten. Ordutik etengabeak izan dira mobilizazioak, ekimenak, kontzertuak… Etxola berria ere eraiki dute, eta etxola horretan herritar bat erroldatzeko prozesua abiatu dute.

Atzo ordea, berriz langile talde bat agertu zen Tosun, Ertzaintzak lagunduta, obrak hasi ahal izateko harresi bat eraikitzera. Hondeamakinak Andra Mariko lurretan sartu eta hesirako lubakia egiteari ekin zioten. Orain arte, obrak lursailaren zati bat hartzea aurreikusten bazuten ere, langileek Tosu Betirako asanbladako kideei adierazi zieten obrak oraingoan landa osoa hartuko duela.

Langileen arabera, Eusko Jaurlaritza hitzezko akordio batera iritsi da Viviendas Vizcaya-rekin; alegia Tosu eta inguruko beste zenbait partzelaren jabearekin. Etxola berria botatzeko asmoa dutela ere aurreratu zuten langileek. Asanbladako kideek ohartarazi zieten herritar bat etxola horretan erroldatzen ari dela eta beraz legez kanpokoa dela berau botatzea. Momentu horretan ordea, udaltzaingoaren patruila bat gerturatu eta etxolan bizi den pertsonari jakinarazpen bat eman zion, erroldatze eskaera baliogabetuta dagoela adierazten ziona.

Tosu Betirako asanbladako kideen esanetan, alkateak erroldatze eskaera ukatzeko erabilitako argudioa faltsua da, alkateak argudiatu baitu Tosun ez dagoela etxolarik. Asanbladakoen ustez horrelako argudioek “udal gobernuaren jokaeran prebarikazio zantzuak” erakusten dituzte. Obrak gelditzeko lanean jarraituko dutela gaineratu dute, “Andra Mari auzoa urbanizatzeko lehen pausoa” baita euren ustez.