2017/11/16

Deustuko Gazte Lokalaren "aukera bakarra" bere proiektua onartzea dela jakinarazi dio Bilboko Udalak

Norabide berri bat hartu du Deustuko Gazte Lokalaren etorkizunak Gazte Asanbladako kideek gaur azaldu dutenez. Udaleko ordezkariek "atzera egin" dute. Baztertu egin dute lokala insonorizatzeko plana.



Eraikin zaharra eraitsi eta bere lekuan, eraikin berri batean, "alokairuan eskainiko diren gazteentzako babes ofizialeko etxebizitzak" egin nahi ditu Bilboko Udalak, beheko solairua, "autogestiorako" utziz. "Aukera bakarra euren proiektua onatzea" dela jakinarazi diete gazteei.

Udalak Deustuko Merkatu Zaharra eraitsi nahi duela salatu dute Gazte Lokaleko lagunek, "eta gure mesedetarako dela sinestarazi nahi digute", gaineratu dutenez. Udalaren proiektua gelditzeko, besteak beste, eztabaidarako prest agertu dira gazteak. Ez dituzte elkarrizketak bukatutzat eman, eta euren hautua berretsi dute. "Kolektibotasunean eraikitako espazio aske autogestionatuak sortzen eta defendatzen" jarraituko dute.

Asko aldatu dira gauzak Deustuko Gazte Lokala eta Bilboko Udala irailaren amaieran negoziatzen hasi zirenetik, gaztetxea utzarazteko aginduaren ostean. Izan ere, azken bi bileretan, urriaren 10ean eta azaroaren 13an, udal ordezkariek "atzera egin dute", eta Deustuko Gazte Asanbladako kideei adierazitakoaren arabera, "insonorizazioa ez da aukera bat jada". Gazteen "aukera bakarra" Udalaren proiektua onartzea da.

Proiektuaren inguruan Udalak ezer gutxi zehaztu du, Asier Abaunza Hirigintza zinegotziak bost solairuko eraikin berri batean etxebizitzak egiteko asmoa agertu zuenetik iraileko agerraldi batean. Beheko solairua "autogestiorako" espazio izan daitekeela iragarri zuen orduan Abaunzak. Gaurko prentsaurrekoak argitu du etxebizitza berri horiek bilbotar gazteei bideratzeko asmoa, alokairu erregimenean.


Negoziaketa eta elkarrizketek argiro erakusten dute Deustuko Gazte Lokala "eraisteko arrazoia ez dela kontzertuek eragiten duten zarata", azken salaketa 2016koa baita, gazteen esanetan. Lokalaren insonorizazioa euren gain hartzeko prest agertu dira, "baina Udalak ez du horrelakorik nahi".

Egindako bidean babestuta sentitzen dira. Euren alde dituzte gaztetxearen inguruko atarietako "bizilagun gehienak", Deustuko norbanakoak eta "mota ezberdinetako talde eta merkatari dezente". Horregatik diote, jaso duten elkartasuna "egindako lanaren adierazgarri" dela.

Udalaren proiektu berria "aupegia garbitzeko maniobratzat" daukate. Ez dute uste gazteek emantzipatzeko dituzten arazoak konpontzeko interesik duenik Udalak. Deustuko etxebizitzen %10 hutsik dagoenean, ez dute konponbidetzat etxebizitza gehiago eraikitzea, kudeaketa zuzena eta okupazioa baizik: "Ez gaude gutxi batzuren negozioaren alde, etxebizitza ezin da merkatuaren logikapean egon. Daukaguna modu egokian kudeatzearen alde gaude, eta okupazioaren alde, noski".

Udal ordezkarien adierazpenak entzutean jabetu dira, autogestioa oso modu desberdinean ulertzen dutela, Juan Mari Aburto alkatea bera "autogestionaren alde baitago". Lokal eta proiektuak kudeatzeko "baliabide propioak sortzea" eta asanbladen bidez "era kolektiboan hartutako erabakiei soilik men egitea" da autogestioa gazteen aburuz. Funtsezko sistema gune askeak eta irekiak eraikitzeko. Eta ezin dute izan, "inondik inora, Udalaren agindupean dauden gune kontrolatuak".