2017/10/18

PNVk eskaintzen duen hiri ereduaren aurrean okupatzen eta antolatzen jarraituko dutela adierazi dute ehunka gaztek

EAJren udalak espazio autogestionatuen kontra darabiltzan politikak salatu dituzte Bilboko kaleetan egindako manifestazio koloretsuan. Desalojo bakoitzeko beste okupazio bat egingo dutela ohartarazi dute.



"Ez dugu amorerik emango, okupazioa eta autogestioa bizitzeko egin ditugun hautuak direlako eta inork ez digulako esango nola bizi behar dugun". Halaxe adierazi du GAS Bilboko gaztetxe eta gazte asanbladen sareak manifestazioaren bukaeran, eta horixe erakutsi dute Bilboko kaleetan ehunka gaztek egindako protestan. Bilboko Udalaren eta EAJren erasoen aurrean okupatzen eta antolatzen jarraituko dutela, orain arte egin duten bezala.

Izarbeltz ateneoaren eta Etxarri gaztetxearen desalojoak salatu dituzte, baita Karmela eta Deustuko Gazte Lokalaren aurkako erasoak eta oro har Bilboko Udalak sustatzen duen hiri eredua ere: "Euren hirigintzako proiektu estrategikoek gazteak prekarizatu eta euren eredutik at doan edozein mugimendu akatzea dute helburu, turista erakarri eta etxebizitzekin lotutako negoziazioak izanik euren interes bakarra".

Gaztetxeen balioa:

Horren aurrean gune autogestionatuen balioa nabarmendu dute gazteek: "Bertan dantzatu dugu, musika taldeak osatu ditugu, familia berri bat osatu dugu, lagun berriak egin ditugu, negar egin dugu batzuetan, barre besteetan, ligatu dugu, ikasi dugu, formatu gara, hazi gara...". Eta halaxe jarraitzeko borrokan jarraituko dutela ohartarazi dute: "Gure bizitzen zati garrantzitsu bat izan ziren, gaur dira eta bihar izango dira".