2017/10/18

Gasteizko okupazio mugimenduaren urrats berria, Judimendi auzoko bloke bat okupatuta

Bizilagunekin lehenengo harremanak izan dituzte gazteek eta astearterako otordu bat iragarri dute. Azken okupazio honekin, zortzi dira Gasteizko gune okupatuak.

Judimendiko auzoan izan da azkenengoa. Lagun talde batek “aspaldi abandonaturiko etxe zahar bat” okupatu du. Auzokideei aurkeztu diete proiektua, atez ate zabaldutako gutun baten bidez. Blokea, Juan II kaleko 1.portala da: 2004tik dago hutsik bloke hau.

Etxearen ate irekitzea egiteko “meriendatxo” bat egin zuten aurreko asteartean auzoaren zaharkitzea eta “auzo bizitzaren degradazioa” azalduz. “Azken belaunaldietan Udaletxearen atzean egon direnek sustaturiko politikak” salatu dituzte okupazio honekin.

Hala Bedik jakin duenez, egun hartan lasaitasunez igaro zen arratsaldea baina jasotzear zeudela zortzi udaltzainek osaturiko dispositiboak identifikatzeko eskatu zien bertako gazteei. Espazio publikoaren okupazioa egotzi zieten eta denbora luzez identifikatzen egon eta gero, salaketa jarriko zietela esan zieten. Gainera, haietako bati Mozal Legea aplikatuko diotela ere iragarri zioten “izandako jarrerarengatik”.

Igorritako bigarren gutun batean hainbeste polizia bidaltzearen bidez merendola bat “kriminalizatu” nahi izatea salatu dute etxeko kideek. Okupatutako bloketik, “beste garai batean ohikoa zen ohitura berreskuratzera” animatu dituzte bizilagunak. Horretarako, beste otordu bat egingo dute asteartean, urriaren 17an, etxe okupatuan.

Azkenengo honekin zortzi dira Gasteizko espazio okupatuak: Gasteizko Gaztetxea, Arkillos 10, Errekaleor, SUmendi Gazte Espazioa, Txikita, Pinto, Korre eta Judimendiko azken blokea.