Gazteen eta auzoaren eguneroko beharrizanen aurrean, Santutxuko Gazte Asanbladak urteak daramatza “egungo sistema irauli nahiean” eta alternatibak eraikitze bidean. Gauzak horrela, idatzi baten bidez, Uztaldi gaztetxea eskuratzeko beharra azpimarratu eta horretan daudela azaldu dute.
Beste behin Santutxuko gazteen topaguneak, Gazte Asanbladak, kaleari bizitza eman; kultura, tailerrak zein ikastaroak eskeini; eta orokorrean aisialdirako tresna den gaztetxea eskatu du auzoarentzat.
Atzo kaleratutako idatzi batean gogora ekarri dute apirilaren 21ean, Iturriaga kaleko 14. zenbakian hamar urte luzez La Caixak hutsik mantendu duen lokala bete eta Uztaldi Gaztetxearen proiektu autogestionatua martxan jarri zutela, auzoko eta gazteen eguneroko beharrizanei erantzunez. Hilabete luzez, gaztetxeak kultur eta aisialdi eskaintza zabala plazaratu duela azaldu dute eta hala ere, “egungo sistemarentzat traba bat” direnez, irailaren 28an auzoa poliziaz bete eta Uztaldi hustua eta hormatua izan zela gogora ekarri dute. Egoera horren aurrean, La Caixari “interes ekonomikoak gailenduz, gazteak lokaletatik botatzea eta familiak haien etxeetatik kaleratzea” leporatu diote.
Gaztetxe baten beharra auzoan nabaria dela esanda, Uztaldi berreskuratzeko hainbat ahalegin egin dituztela eta gaztetxea eskuratzera doazela baieztatu dute, Gazte Asanbladaren lana espazio fisiko bat eskuratzera mugatzen ez bada ere.