2012/05/30

Ermitatze Gaztetxearen aurkako epaiketarik ez!

Oraingo honetan ere, zaharrak berri bilakatu dira. ERMITATZE GAZTETXEA hustu eta ia urte betera proiektu sozio-politiko-kultural horretan parte hartu zuten edo babesa erakustera hurbildu ziren 6 gazte epaitu eta zigortu nahi dituzte. Orain dela hilabete bat inguru, Getxoko epaitegitik etxearen jabeei (INMACULADA URIARTE ELORTEGUI, Mª NIEVES eta MARINA URIARTE ARGIARRO) Ermitatze Gaztetxean identifikatuta izan ziren 6 gazteen aurkako epaiketa irekitzeko aukera helarazi zien, hauen erantzuna baiezkoa izan da. Hortaz, fiskaliak egun bakoitzeko 12 €, eta jabeek 36€-ko zigorra eskatzen diete 6 hilabeteetan zehar. Hau da;

Fiskaliak: Pertsona bakoitzeko 2196 € x 6 = 13.176
Etxeko jabeek: Pertsona bakoitzeko 6588 € x 6 = 39.528

Gazte Asanblada jabeekin hitz egiteko beti prest egon da, akordioetara heltzeko, argi bazeukaten ere etxearen jabe legalak eurak zirela. Esan dutenez, "Guk hutsik zegoen etxe bati erabilpen soziala eman nahi genion. Halaber, jabeek etxeari inolako funtziorik emateko asmorik ez zuten bitartean bertan egongo ginen, eta behin etxearekin zerbait egin nahi izango zutenean joango ginen inolako arazorik jabe. Hau aurrera eramateko hainbat proposamen legal eskaintzen genien".

Atzo gaur bezala, jabeen elkarrizketarako eta akordioetara heltzeko borondate eza agerian gelditu da. Are gehiago, zigor eskakizunen DESPROPORTZIONALTASUNAK euren diruzaletasuna agerian uzten du. Plentzia eta Gorlizko gazteen kosta aberastu nahi edo? Zergatik eskatzen diete “eraikinean egindako kalte materialak ordainaraztea”?, Ermitatzetik pasatu ziren pertsona guztiek ongi badakite eraikuntzaren egoera fisikoa bertan egon ziren hilabeteetan zehar hobera joan zela egindako obrari esker! Akaso, ez diete inoiz barkatuko etxearen degradazioa geldiarazi izatea?!
Hori izan baita beraien benetako asmoa, legalki etxearen egoera oso txarra izan arte ezin baitute bota eraikuntzaren kokapenagatik eta urte kopuruagatik. Horren ostean, zoruaren BERKALIFIKAZIOA... zaharrak berri!

Horretaz gain, fiskalaren zigor eskakizunak nahiz eta bestearekin alderatuta txikiago dirudi, bi asmo argi usten ditu. Alde batetik, irmotasun osoz espekulazioa eta etxe hutsen egoera modu konstruktiboan salatu nahi dituzten gazteak gogor zigortu nahi ditu, egoera berriz ez birproduzitzeko. Beste aldetik, Gaztetxeari babesa erakustera hurbiltzen diren pertsonengan izua eta beldurra eragiteko asmoa dauka.

Justizia, bakarrik boteredunentzako. Plentzia eta Gorlizko 6 gazteen aurkako epaiketa egunero sistema honetan ematen diren bidegabekeriaren isla besterik ez da. Hainbat familia utzarazten dituzten bitartean, bankuei diru laguntza publikoak ematen dizkiete, krisia sortarazi duten pertsonak zigortu beharrean haien poltsikoak berriz ere diruz beteko duen lan erreforma ezartzen dute eta espekulatzaileak zigortu beharrean, espekulazioaren aurkako ahotsak zigortu nahi dituzte...

"Sistema kapitalista honen bidegabekeriaren lista amaiezinak inoiz baino ozenago eramaten gaitu aldarrikatzera GAZTETXEAREN beharra beste jendarte eredu bat eraikitzeko lanabes gisa. Beraz, hurrengoa adierazi nahi dugu:

- Gaztetxearen alde lanean jarraituko dugula epaiketen gainetik.

- Udaletxeari epaiketaren aurka agertzera eskatzen diogu, oraingoan ekidistantziak ez du balio.

- Azkenik, INMACULADA URIARTE ELORTEGUI, Mª NIEVES eta MARINA URIARTE ARGIARRO andereei epaiketa bertan behera utz dezatela eskatzen diegu.

GAZTETXEEN AURKAKO EPAIKETARIK EZ!!!
GAZTETXEAK AURRERA!!!"