2015/11/10

Otsailaren 19tik 21era egingo dute Euskal Herriko gaztetxe eta gazte asanbladen topaketa

Oñatiko Antixena gaztetxeko kideek beraien burua prest agertu dute 2016ko Euskal Herriko gaztetxe eta gazte asanbladen topaketa antolatzeko. Duela hilabete batzuk egin zuten proposamena, eta beste hainbat gaztetxetako kideen onespenarekin, aurrera egin du asmoak.

Otsailaren 19, 20 eta 21an egingo dute.

Laudioko gaztetxean bildu ziren iaz, eta edukien inguruko balorazioa positiboa izan bazen ere, ez zen bildu nahi beste herritako gazterik. Horri buelta eman nahian, antolaketa lanetan ere parte hartzera gonbidatu dituzte Euskal Herriko gaztetxe eta gazte asanblada guztiak, zein eduki eta nola landuko dituzten adosteko.

Harremanetarako, helbide elektroniko hau erabiliko dute: antixenakogaztetxia@gmail.com

Topatu.info-tik ateratako informazioa

2015/11/06

Gune autogestionatuen defentsan manifestazio nazionala antolatu dute zapatuan Donostian

Kortxoeneako hustuketa ilegala eta eraispenaren salaketarekin batera, gune autogestionatuak defendatzeko hautua erakusteko manifestazioa antolatu dute zapatu honetan. Hitzordua arratsaldeko 17:00etan izango da, Bulebarretik hasita.


2015/11/03

Kortxoenea hustu eta eraitsi dute. Gure ametsak eta bizitzak ez dira desalojatzen

Eraiste lanek aurrera jarraitzen dute, eta, hori salatzeko, manifestaziora deitu dute gaurko; 19:00etan izango da, Kortxoenetik Bulebarrera. "Erantzuna ematen jarraituko dugu", adierazi dute gazteek.

Bilboko Okupazio Bulegotik gure elkartasuna eta indar guztiak helerazten diegu kolore askotako Donostialdea nahi dutenei. Grisa ez dugu gustoko. Batera ibiltzen gara.

https://twitter.com/kortxoenea?lang=es



Goizean goiz, Ertzaintzak lagundurik, langileek hesiz inguratu dute gaztetxea, hura eraisteko lanak hasteko. Gaztetxe barruan erresistentzia txandan zeuden gazteak bortizki kanporatu dituztela salatu dute. Kortxoenea ez eraisteko protestak gaztetxe paretik hirira zabaldu dira. Hainbat gazte Ategorrieta etorbidean jesarri dira, autoen zirkulazioa eteteko. Ertzainak bertaratu dira, eta bidetik kendu dituzte gazteak, bortizkeriaz. Gutxienez bi atxilotu eta hainbat zauritu daude. Hainbat kazetariri identifikatzeko eskatu diete poliziek. Jone Amonarriz eta Oihan Vitoria BERRIAko kazetariek bertatik jakinarazi dute Kortxoenea inguruan zer gertatu den.

07:20an kaputxa jantzita zeramaten hainbat "langilek" bortizki kanporatu dituztela salatu dute Kortxoeneko kideek. Gazteek uste dute jabeak kontratatutako sergurtasun indarrak zirela. Hala ere, hiru gazte teilatura igo dira, hondeamakinekin eraikina botatzen ari zirelako. Ertzaintzak jaitsi eta identifikatu egin ditu teilatuan zeuden gazteak. Ertzainek eskoltatuta hiru gazteri eraikinean sartzeko baimena eman diete. Gauza batzuk atera ostean, berriro hasi dituzte eraisteko lanak.

Donostiako Udalak komunikatu baten bidez zehaztu du eraikina eraisteko erabakia bertako jabearena izan dela, eta horretarako baimen guztiak dituela. Udalak zehaztu du Kortxoeneko kideekin eginiko bileretan argi esan dietela udalak ezin zuela eraistea galarazi. Kortxoeneko ekintza kulturalei bide emateko alternatibak bilatzen jarraituko duela erantsi du.

2010eko ekainaren 26an okupatu zuten Kortxoenea. Kortxo eta txapa fabrika zen eraikina 1950eko hamarkadan, eta, hainbat urtez utzita egon ondoren, Zurriola ikastolak hartu zuen 1983. urtean, antzerki eskolak emateko. Gazteek okupatu zutenerako, bizpahiru urte zeramatzan erabilerarik gabe.

Irailaren 4an hura legez kanpo botatzen ahalegindu ziren, baina huste lanak behin-behinean eten zituen udalak, segurtasun neurriak betetzen ez zirelako: epailearen baimenik gabe eta eremua hesitu gabe ari ziren lanean. Udaltzainen babesean, goizean goiz agertu ziren langileak gaztetxean, eta, hondeatzeko makina batekin, atea indarrez bota zuten, eta zuloak egin zituzten lurrean. Aginduak ezustean harrapatu zituen gaztetxeko kideak, baina berehala erantzun zuten. Jendea hurbildu ahala, Ertzaintza agertu zen, eta tentsio uneak izan ziren. Gazteek auzitara jo zuten lursailaren jabearen aurka, eta iluntzean martxa jendetsua egiteaz gain, eraikina ere okupatu zuten. Segituan joan ziren ertzainak, husteko asmoz, baina alde egin zuten.

Gaztetxea eraisten saiatu eta astebetera, jendetza elkartu zen Gipuzkoako hiriburuan gaztetxeari eustearen alde. Euskal kulturgintzan ari diren dozenaka lagunek indarrak metatu zituzten gaztetxearen alde, eta sostengua agertu zioten, hura eraisteko saioa salatzeaz gain.

Geroztik, beste bitan bertaratu dira langileak, gaztetxea hesiz inguratzen ahalegintzera. Irailaren 21ean lurzoruaren jabe den enpresako beharginak hesiak jartzen saiatu ziren hirugarren aldiz. 08:30ean ekin zioten eraikina hesiz inguratzeari, baina handik tarte batera joan ziren, hesiak kenduta. Husteko ahalegin horien ondotik 24 orduko txandak antolatu zituzten gaztetxean.


2015/10/22

9 hilabeteko espetxe zigorra eta 84.000 eurotako isuna Kukutza defendatzeagatik


Bilboko auzitegiak bederatzi hilabeteko espetxe zigorrera kondenatu ditu hemeretzi pertsona, Kukutza eraitsi ostean, Errekalden izandako istiluetan “desordena publikoa” eragitea leporatuta. Horrez gain, 84.000 euroko kalteak ordaindu beharko dituzte.

Kukutzako abokatua den Iñaki Carrok Info7 irratian adierazi duenez, “oso arraroa” egiten zaio epaitutako gazte guztiak zigortu izana, baldintza oso desberdinetan egin zietelako aurre epaiketari. Horregatik, salatu du epaiak ez duela oinarri juridikorik, epaileak ez zuelako onartu ere egin istiluetako bideoak ikustea. “Egun horretan Errekalden egoteagatik soilik kondenatu dituzte, eta horrek erakusten du elkartasuna bera dela zigortu nahi dutena”, azaldu du abokatuak.

Kukutzako elkartasun taldearen oharra:

Ohar honen bitartez, KUKUTZAREKIN elkartasun taldetik irailaren 14 eta 16ean burututako epaiketaren sententzia, honen kontrako errekurtsoa eta gure irakurketa helarazi nahi ditugu. Aipaturiko sententziak, 9 hilabeteko gartzela zigorra ezartzen die epaitutako 19 pertsonetako bakoitzari, desorden publikoak egitea egotzita. Bestalde, guztien artean Bilboko Udalari gehienez 84.125,25 euro ordaintzera zigortzen ditu, kalte ordain gisa. Kukutzarekiko elkartasunaren aurkako epaiketa izan da, sententziak argi uzten duenez. Izan ere, akusatuek epaiketan argitu bezala, errekalde auzora egun hartan bertaratutakoen artean ausaz eta ordu zein leku ezberdinetan egin ziren atxiloketak. Ertzain batek adierazi zuenez, “La consigna que teniamos era detener”, eta hala egin zuten. Hau argi uzten du atxiloketa guztiak arratsaldeko bostak eta zortziak artean egin izanak, istilurik nabarmenenak beranduago gertatu baziren ere. Epaileak datu hauek guztiak soka berera josten ditu, auzipetu guztiak gisa berean kondenatuz, delituari izaera publikoa (hau da, kolektiboa eta politikoa) emateko.

Sententzia bidegabe honen aurka, hurrengo egunetan, helegiteak aurkeztuko dira.

Kukutzarekin elkartasun taldetik, gogora ekarri nahi dugu orain arteko epaiketek ere 2011ko irailean polizia, epaile eta politikariek errekaldera eramandako kaosaz adierazi dutena: Poliziaren bortizkeria frogatua gelditu da, bai eta polizien deklarazioen arteko kontraesanak ere. Egun haietako sarraskiak (auzoari eginiko lapurreta, kolpeak, intoxikazio mediatikoak…) estaltzen saiatu dira gerora, eta testuinguru horretan kokatzen dugu Kukutzako teilatuan ziren 23 pertsonen kriminalizazioa, haietako baten aurkako gartzela zigorra barne. Epaiketa honekin ere, duela lau urte elkartasuna adieraztera bertaratu zirenak kriminalizatu dituzte. Izan ere, epaileak landutako argumentuekin, egun hartan errekaldeko kaleetan zegoen orok 9 hilabeteko gartzela zigorra merezi baitu.

Honelako kondenekin, Kukutza eraistearen arduradunek elkartasunez ekin zutenak zigortu nahi dituzte, eta isilik eta geldi egoteko mezu ankerra helarazi nahi digute guztioi. Ez dute halakorik lortu, izan ere, lau urte luze hauetan, okupazioak, autogestioak eta erresistentziak aurrera egin dute. Honen isla dira Errekalden bertan mehatxupean bizirik dirauten Etxarri eta OihuK guneak, euskal herri eta mundu osoan zehar bestelako mundu bat eraikitzen dabiltzan guztien artean. Kukutzaren defentsan egon ginen, eta Etxarri, OhiuK eta gure ametsen defentsan egongo gara.

2015/09/16

Okupazioa, antolaketa eredu berriak?

Atzo, Hamaika Telebistako Ertzak saioan okupazioa izan zuten hizpide. Kukutzaren kontrako epaiketaren erdian eta Kortxoenearen etorkizuna erabakitzeko dagoen une honetan, okupazio eredu ezberdinak aztertu dituzte, okupazioa ulertzeko eta gauzatzeko eredu ezberdinak daudelako Euskal Herrian. Gernikako Astra, Donostiako Kortxoenea eta Gasteizko Errekaleor Auzoa ezagutzeko aukera ematen dituzte. Baita Santurtzin dagoen etxe okupatu bat ere.

Hona hemen Hamaika Telebistak egindako erreportaia:

2015/09/07

Zapatu honetan Kukutza defendatzeagatik zigortu nahi dituztenen aldeko mobilizazioa

"Autogestioaren alde, okupazioaren alde eta gaztetxeen alde deialdia luzatzen diogu euskal jendarteari larunbat honetarako. Kukutzako auzipetuen aldeko manifestazioan Bilbon, 18:00etan Jesusen Bihotzean. Eta Kortxoenea gaztetxearen aldeko manifestazioan Donostian, 17:30ean Bulebarrean".


Lau urte igaro dira Kukutza III hustu eta bota zutenetik eta datorren astean, hilak 14 eta 16, espetxe zigorra eskatuko du fiskaltzak bidegabekeria hori salatzera hurbildu ziren 19 pertsonaren aurka.

Kukutzako auzipetuen kontra irekitako prozeduretatik azkena izango da irailekoa eta pilatzen duen zigor kopuruarengatik baita gogorrena ere. Batek bi urte eta sei hilabeteko espetxe zigor eskaera dauka, beste bik bi urte eta bi hilabetekoa eta gainontzeko hamaseiek hamazortzina hilabeteko eskaera.

Datozen astelehen eta asteazkenean Kukutza bota zuten egunean egondako "desordena publikoa" eta "erresistentzia" epaituko dute. Delitu hauek leporatzen dizkiete irailaren 23an beste milaka pertsonarekin batera sarraski hori salatzera gerturatu ziren 19 lagun hauei eta froga bakarra poliziaren atxiloketa aleatorio haiek dira. Denok dakigu nolako jarrera basati eta oldarkorra izan zuen ertzaintzak egun haietan eta bortizkeria polizial hori nolabait justifikatu beharra daukate. Oso merke ateratzen zaie gainera, hamarnaka gazte jipoitu, inputatu eta epaitegira bidali; erraza. Gogorarazi behar dugu, halaber, urtarrilean epaitutako 23 lagunetako batek hiru urteko espetxe zigorra jaso zuela (helegitea aurkeztuta dago egun) eta gainontzekoen absoluzioa fiskaltzak errekurrituta daukala. Era berean, auzi honi lotuta egon diren beste epaiketetan (bi alemaniarrak, eserialdian atxilotutakoak…) auziperatuak absolbitu zituzten.

Epaitu barik geratuko dira, ordea, eraikinarekin espekulazio higuingarria egin duen Cabisa enpresa; maniobra espekulatibo antisozialetan ardura osoa duen eta Kukutza botatzeko indar guztia egin duen Bilboko Udala eta PNV alderdia; Errekalde auzoan hiru egunez terrorea hedatu zuen Polizia Autonomikoa eta erakunde hauetako arduradun diren eta izen-abizena duten handiki guztiak. Berriro ere.

Gainera, badirudi harrotuta dabiltzala eta Kortxoenea botatzeko saiakeran ikusi dugun bezala, nahi dutena egin dezaketela uste dutela. Troikaren ikasle aurreratuak dira, eredu neoliberala ezarriz eta gure hiriak-herriak salgai huts bilakatuz. Herriaren bizkar eta herriari bizkarra emanda.

Horren aurrean, autogestioaren alde, okupazioaren alde eta gaztetxeen alde deialdia luzatzen diogu euskal jendarteari larunbat honetarako. Kukutzako auzipetuen aldeko manifestazioan Bilbon, 18:00etan Jesusen Bihotzean. Eta Kortxoenea gaztetxearen aldeko manifestazioan Donostian, 17:30ean Bulebarrean.

Egon ginen eta egongo gara!

KUKUTZAREKIN elkartasun taldea.

[Diagonal] “Quieren dar un escarmiento por la defensa de Kukutza”

2015/09/02

Bueltan gatoz!!! Volvemos!!!

Udako oporraldia pasata, bulego fisikoa zabaltzeko ordua heldu zaigu. Eta urtero bezain kementsu gatoz, kapitalari eta espekulazioari gerra emateko gogoz.

Beraz, bariku hontatik aurrera zure zain izango gaituzu betiko ordutegian:

Ostiralero, 18:00-20:00, Ekoetxean (Pilota Kalea 5) -Bilbo-

Laster arte!!


Ya ha pasado el descanso estival, y ha llegado la hora de abrir la oficina fisica. Volvemos tan ilusionadas como siempre, y con muchas ganas de dar guerra al capital y la especulación.

Por tanto, desde este viernes te estaremos esperando con el mismo horario de siempre:

Todos los viernes, 18:00-20:00, Ekoetxea (c/Pelota 5) -Bilbao-

Hasta pronto!!