Eraiste lanek aurrera jarraitzen dute, eta, hori salatzeko, manifestaziora deitu dute gaurko; 19:00etan izango da, Kortxoenetik Bulebarrera. "Erantzuna ematen jarraituko dugu", adierazi dute gazteek.
Bilboko Okupazio Bulegotik gure elkartasuna eta indar guztiak helerazten diegu kolore askotako Donostialdea nahi dutenei. Grisa ez dugu gustoko. Batera ibiltzen gara.
https://twitter.com/kortxoenea?lang=es
Goizean goiz, Ertzaintzak lagundurik, langileek hesiz inguratu dute gaztetxea, hura eraisteko lanak hasteko. Gaztetxe barruan erresistentzia txandan zeuden gazteak bortizki kanporatu dituztela salatu dute. Kortxoenea ez eraisteko protestak gaztetxe paretik hirira zabaldu dira. Hainbat gazte Ategorrieta etorbidean jesarri dira, autoen zirkulazioa eteteko. Ertzainak bertaratu dira, eta bidetik kendu dituzte gazteak, bortizkeriaz. Gutxienez bi atxilotu eta hainbat zauritu daude. Hainbat kazetariri identifikatzeko eskatu diete poliziek. Jone Amonarriz eta Oihan Vitoria BERRIAko kazetariek bertatik jakinarazi dute Kortxoenea inguruan zer gertatu den.
07:20an kaputxa jantzita zeramaten hainbat "langilek" bortizki kanporatu dituztela salatu dute Kortxoeneko kideek. Gazteek uste dute jabeak kontratatutako sergurtasun indarrak zirela. Hala ere, hiru gazte teilatura igo dira, hondeamakinekin eraikina botatzen ari zirelako. Ertzaintzak jaitsi eta identifikatu egin ditu teilatuan zeuden gazteak. Ertzainek eskoltatuta hiru gazteri eraikinean sartzeko baimena eman diete. Gauza batzuk atera ostean, berriro hasi dituzte eraisteko lanak.
Donostiako Udalak komunikatu baten bidez zehaztu du eraikina eraisteko erabakia bertako jabearena izan dela, eta horretarako baimen guztiak dituela. Udalak zehaztu du Kortxoeneko kideekin eginiko bileretan argi esan dietela udalak ezin zuela eraistea galarazi. Kortxoeneko ekintza kulturalei bide emateko alternatibak bilatzen jarraituko duela erantsi du.
2010eko ekainaren 26an okupatu zuten Kortxoenea. Kortxo eta txapa fabrika zen eraikina 1950eko hamarkadan, eta, hainbat urtez utzita egon ondoren, Zurriola ikastolak hartu zuen 1983. urtean, antzerki eskolak emateko. Gazteek okupatu zutenerako, bizpahiru urte zeramatzan erabilerarik gabe.
Irailaren 4an hura legez kanpo botatzen ahalegindu ziren, baina huste lanak behin-behinean eten zituen udalak, segurtasun neurriak betetzen ez zirelako: epailearen baimenik gabe eta eremua hesitu gabe ari ziren lanean. Udaltzainen babesean, goizean goiz agertu ziren langileak gaztetxean, eta, hondeatzeko makina batekin, atea indarrez bota zuten, eta zuloak egin zituzten lurrean. Aginduak ezustean harrapatu zituen gaztetxeko kideak, baina berehala erantzun zuten. Jendea hurbildu ahala, Ertzaintza agertu zen, eta tentsio uneak izan ziren. Gazteek auzitara jo zuten lursailaren jabearen aurka, eta iluntzean martxa jendetsua egiteaz gain, eraikina ere okupatu zuten. Segituan joan ziren ertzainak, husteko asmoz, baina alde egin zuten.
Gaztetxea eraisten saiatu eta astebetera, jendetza elkartu zen Gipuzkoako hiriburuan gaztetxeari eustearen alde. Euskal kulturgintzan ari diren dozenaka lagunek indarrak metatu zituzten gaztetxearen alde, eta sostengua agertu zioten, hura eraisteko saioa salatzeaz gain.
Geroztik, beste bitan bertaratu dira langileak, gaztetxea hesiz inguratzen ahalegintzera. Irailaren 21ean lurzoruaren jabe den enpresako beharginak hesiak jartzen saiatu ziren hirugarren aldiz. 08:30ean ekin zioten eraikina hesiz inguratzeari, baina handik tarte batera joan ziren, hesiak kenduta. Husteko ahalegin horien ondotik 24 orduko txandak antolatu zituzten gaztetxean.