8 hilabete iraun ditu Gorlizko Kinpuletxe etxebizitza komunitario okupatuak, eta hasieratik jasan behar izan du jazarpena, modu eta alde ezberdinetatik. Hogei urte hutsik zeramatzan enpresa baten izenean inskribaturiko eraikina okupatu zuen gazte talde batek 2019ko ekainean, eta hainbeste denboraz inorri axola izan ez zion etxea arazo iturri bihurtu zen bat batean.
Kinpuletxeko kideek desalojo ilegal saiakera salatu zuten 2019ko ekainaren bukaeran, etxearen jabe zen enpresako langileak udaltzainez lagunduta eta agindurik gabe bertaratu baitziren. Istiluak ere izan ziren egun hartan, eta bizilagun batzuek erietxean bukatu zuten zauri arinekin.
Prozesu judiziala etorri zen hurrena. Etxearen jabe den enpresak epaitegietara eraman zuen afera, bizilagunak negoziatzeko eta irtenbide bat adosteko prest egon arren. Hala, proiektuko bi kideri okupazio eta usurpazio delituak egotzi nahi izan zizkieten. Sententziaren zain geratu zen auzia, 2019ko uztailean.
Azkenean iritsi da eguna, eta gaur kaleratu diuzte Kipulentxeko kideak. Zabaldu duten oharrean "orain zer?" galdera luzatu nahi izan dute: "beste 20 urte hutsik?". Erabileraren eta auzolanaren bidez etxe huts horri bizia eman diotela aldarrikatu dute proiektuko kideek, eta Uribe Kostako "espekulazioak" etxebizitza eskubidea urratzen duela salatu dute.
Horren aurrean, erabilera eta okupazioa zilegitzat jo dituzte bizitza duinak lortzeko bidean, eta galdera luzatu diete okupazioaren aurka daudenei: "ez zaituzte asaldatzen etxe hutsak edo etxe gabeko jendea egotea?". Azkenik, Uribe Kostan etxebizitza eskubidearen alde borrokan jarraituko dutela berretsi dute.
Kinpuletxeko kideek honako komunikatua plazaratu dute:
Gaur, Otsailak 20, Kinpulene kaleko 47 zenbakiko etxetik kaleratzen gaituzte. Azken zortzi hilabeteetan, hogei urte luzez hutsik egondako etxe honi bizitza eman diogu espekulatzaileek ezagutzen ez dituzten bi trikimailuren bidez: erabilera eta auzolana. Azken zortzi hilabeteetan, gure ortuan hazitako barazkiak dastatu ditugu, bisita mordoa jaso ditugu egun lasaietan eta are elkartasun gehiago egun gatzetan, etxeko espazio komunekiko lotura sortu dugu… elkarbizitza proiektu alternatibo bat eraikitzea izan da gure asmoa.
Hasieratik genekien etxe huts honetara bizitzera sartzeak prozesu judizial bat ipiñiko zuela martxan. Hala ere, gu marko judizialetik kanpo jabeekin kontaktua sortzeko eta akordio batera heltzeko saiakerak egin ditugu, baina nahiago izan dute etxea beste hogei urte hutsik egoteko aukera mantendu. Okupazioa larritzen zaituztenoi, ez zaituzte asaldatzen etxe hutsak edo etxe gabeko jendea egotea?
Inoiz baino gehiago, argi daukagu duela zortzi hilabete okupatzeko hautu politikoa egitean zuzen geundela. Alde batetik gu, soldata baxuekin, langabezian, kutxazainetan hotzez hiltzen, emakume izateagatik baldintza kaxkarragoetan, gurasoen etxetik irten ezinik… Bestean, alokairuen prezioak neurririk gabe gora, etxe hutsak, espekulazioa. Honen aurrean, okupazioa eta erabilera bizitza duinak eskuratzeko tresna zilegitzat aitortzen ditugu.
Uribe Kostan etxebizitza eskubidearen alde lanean jarraituko dugu.
Un desalojo, otra okupación!
Etxe huts guztien zarrailak ditugu