Irailaren 19tik 23ra batuko da EPOA (European Pride Organisers Association) Bilbon, 2020an EuroPridearen egoitza izango den hiriburua hautatzeko. Bilerari "errefusa absolutua" adierazteko, zein LGTBIQ+ mugimendua jasaten ari den merkantilizazioa eta erabilpen politikoa salatzeko, uztailan deitu zuen Harro!-k larunbat honetako manifestazio nazionala. Udaran zehar atxikimenduak biltzeko dinamika bat jarri zuten martxan eta atzo Bilboko Zirika Herri gunean egin zuten agerraldian 110 eragiletik gora batu direla adierazi zuten plataformako kideek. Horien artean Bilboko Okupazio Bulegoa.
Manifestazioa 17:30etan abiatuko da Arriagatik. Aurretik, hala ere, eskaintza zabalagoa eskainiko du Harro!-k. Ostiralean, irailaren 20an, plataformaren aurkezpen tailer bat egingo dute 18:00tan 7Katu gaztetxean. Jarraian, 19:30etan, Bilbao Bizkaia-Pride-aren atzean zer dagoen azaltzeko hitzaldia antolatu dute. Larunbat goizean, bestalde, bi mahainguru prestatu dituzte: pinkwashing, purplewashing eta greenwashing asimilazio prozesuen eta makroekitaldien eraginen ingurukoak. 10:30etan hasiko dira, hauek ere 7Katu gaztetxean. Manifestazioa ondoren, aisialdirako tartea izango da: 22:00etatik aurrera (H)ortz-adarra jo! festarekin amaituko dute eguna.