2018/03/24

Bizkaiko gaztetxe eta gazte asanbladen topaketak egingo dituzte apirilaren 20tik 22ra

Kaixo gazte, badatoz Bizkaiko gaztetxe eta gazte asanbladen topaketak!

Hamarkadaz hamarkada gure herri eta hirietako espazio okupatuen defentsan ibili gara, proiektu ezberdinak atera ditugu aurrera eta elkarrekin artikulatzeko eta koordinatzeko saiakerak anitzak izan dira iraganean. Egun, ordea, orain gutxi arte, bazirudien gero eta gehiago belaunikatzen joango ziren belaunaldiak izango zirela zetozenak, gureak. Edo are, atomizatuak eta apolitikoak. Guretzat gordeta zeukaten erabateko noraez horri aurre egin eta eduki zehatz batzuen inguruan gaztetxe eta gazte asanbladok topo egiteko beharra ikusi dugu. Ez gaituzue geldituko!

Apirilaren 20, 21 eta 22an ospatuko ditugu topaketok Abadiñoko Zelaieta auzoan eta herriko azpiegitura ezberdinak erabiliko ditugu lotarako (ez ahaztu zakua eta esterila) dutxatzeko eta ekimen ezberdinak egiteko.

Gaztetxe eta gazte asanbladoi, zuenetik etorriko den jendearen estimazio aproximatiboa egin eta ondoren azaltzen den e-mailera bidaltzea eskertuko genizueke, otorduak antolatu eta azpiegiturari dagokionean sor litezkeen balizko arazoak konpontze aldera. Gutxi gorabeherako kalkulu bat egin eta bakoitzak 10€ jarrita topaketen finantzaketari aurre egingo diogula ebatzi dugu. Dena den, kontziente gara ikasle langile denok ez daukagula 10€ nola hala xahutzerik, beraz, hala nahi duten taldeek ordainketa kolektiboki egin ahalko dute, beti ere jende-estimazioarekin bat datorren zenbatekoa jarriz. Inork janariarekin berezitasunik (begetarianismoa, alergiak...) baleuka ere jakinarazi iezaguzue.

Bestalde,antolatzen parte hartu nahi duzuela edo beste edozer dela ere idatzi lasai! Laister ikusiko dugu elkar!
E-maila: abagaztetxie@gmail.com