Sei urteko borrokaren fruitua jaso du Hendaitz Gazte Asanbladak gaztetxea eraikitzeko etxe huts bat okupatuz. Proiektu autogestionatuetan sinesten duen oro deitu dute egitasmoan parte hartzera.
Larunbatean urrats garrantzitsua eman zuten Hendaiako gazteek: etxe huts bat okupatu eta gaztetxea eraikitzen hasi ziren. Okupazio hau egiteko hainbat arrazoi eman dituzte: herriko gazte gehienek bizitzako jarduera gehienak herritik kanpo egiten dituztela, ez dutela elkar ezagutzen, ez dutela proiektu bateraturik. Horrek ekartzen dituen arazoak ikusita sortu zen 2011n Hendaitz, Hendaiako Gazte Asanblada.
Hala ere, urteak daramatza Hendaiako gazte mugimenduak lanean. Hendaitzen aurretik azken asanblada Bazen Garaia izan zen, hauek ere okupazio bat egin zuten. Jada hiru urte pasa dira proiektua herriko etxean lehen aldiz aurkeztu zutenetik. Geroztik, behin baino gehiagotan bildu dira, baina erantzuna beti bera izan da: lokalik ez dagoela. “Aste honetan bertan izandako azken bileran ere, argi utzi dute gauzak aurreratzeko duten gogo eskasa.”
Honen aitzinean, etxe huts bat okupatzea erabaki dute. Orio auzoan dagoen etxe hutsa berreskuratu eta bizia eman nahi diote, jakinik, gainera, Itsas Ospitalari etxe hau gaixoen familiak laguntzeko utzi zitzaiola eta funtzio hau ez zuela inoiz bete. Nolanahi ere, ez dute herriko etxearekin harremanak hausteko inolako intentziorik. Orain, lehen bezala, hitz egiteko prest agertu dira gazteak.
Larunbatean eguna auzolanean pasa zuten. Polizia eta herriko hautetsi bat joan arren, denbora gutxi pasa zuten kalean, eta laster gazteek aurreikusitako egitarauarekin jarraitu zuten. Hurrengo egunetan antolatuko dituzten ekintzetan parte hartzera deitu dute proiektu autogestionatu batean sinesten duen oro.
Hendaitz Gazte Asanblada:
Facebook
Twitter
Hendaiako Gaztetxea zein Euskal Herriko gune autogestionatu guztien mapa ikusteko:
Okupazioaren Mapa
Zorionak ba Hendaiako herriari!!!