2015/01/20

Kukutza defendatu zuten 23 lagunen kontrako epaiketa salatzeko protestak

Urtarrilaren 28, 29 eta 30ean, 23 pertsona epaituko dituzte Kukutza gaztetxea hustu eta eraitsi zutenean izandako liskarrengatik. Ustezko usurpazio delituagatik 960 euroko isuna eskatzen diete eta haietako bati, hiru urte eta egun bateko kartzela zigorra. Epaiketa salatzeko protesta ezberdinak deitu dituzte.


Hilaren 28an eta 29an, elkarretaratzeak deitu dituzte 08:30ean, Buenos Aires kaleko 6. zenbakian dagoen epaitegiaren aurrean. Bestalde, urtarrilaren 30ean, 20:00etan, manifestazioa abiatuko da Sabin Etxetik eta Kukutzako banderolak eramateko deia zabaldu dute antolatzaileek.

Kukutzarekin Elkartasun Taldeak jakitera eman duenez "gaztetxea defendatu" zuten 23 lagun izango dira epaituak; baita "Kukutza III gaztetxea eta okupazioa" bera ere. Guztiek, 960 euroko isunari aurre egin beharko diete eta beste batek, hiru urte eta egun bateko espetxe zigorrari ustez, poliziaren aurka harriak eta beste zenbait gauza botatzeagatik, eraikinean gora zihoazela.

Kukutzarekin Elkartasun Taldeak gogora ekarri du ere, Kukutzaren desalojo eta eraistearen karietara, beste 20 pertsona epaitzekoak direla. Haien esanetan, "Kukutza defendatzea dute delitu bakarra eta orain arteko epaiketek, gainera, poliziaren bortxakeria eta muntaia agerian utzi dute".

Errekaldeko gaztetxea 2011ko irailaren 21ean hustu zuten. Ertzaintza eta auzotar zein hiritarren arteko liskarrak hiru egunez luzatu ziren auzoko kaleetan, irailaren 23an eraikina eraitsi zuten arte. Cabisa enpresak gaztetxea hustea eskatu zuen, eraikina eraitsi eta etxebizitzak egitearren eta Bilboko Udalak hustu eta eraisteko baimena eman zuen.