Gasteizko Gazteon Etxebizitza Asanbladako kideek hainbat gazte eragilerekin batera egin duten agerraldian gazteok emantzipatzeko dugun arazoa salatu eta, etxebizitza eskubidea denez, lortu arte borroka egingo dutela jakinarazi dute. “Nola uler daiteke Gasteizen 10.000 etxe huts baino gehiago egonda etxeak eraikitzen jarraitzea?”, galdegin dute, epe motzerako alternatiba bezala etxe hutsak okupatzearen aukerarekin bat eginez. Epe luzera begira, aldiz, etxebizitza politika aldatu behar dela uste dute: “Etxe hutsak eskaintza herritar batera bideratu behar dira”.
Gaiaren inguruko lanketa egin eta gazteak borrakara batu asmoz, bi ekintza antolatu dituzte datozen egunetarako:
•Azaroak 27, osteguna, 18:00etan: etxebizitza arazoa gainditzeko alternatiben mahai ingurua eta jaialdia Gasteizko gaztetxean. Hizlariak: Errekaleor Bizirik!, Txantreako Emantzipazio Bulegoa eta Bilboko Okupazio Mugimendua.
•Abenduaren 11, osteguna, 19:00etan: gazte manifestazioa “Etxebizitza eskubidea delako, ez luxua. Bermatu ezean, guk lortuko dugu!” lemapean, Andra Maritik.
Emantzipatzeko arazoari modu kolektiboan erantzuteko sortu zuten asanblada, eta asteleheneko biltzen da 20:30ean Gasteizko gaztetxean.
•Twitterren jarraitzeko: @gemantzipatu
Gasteizko Gazteon Etxebizitza Asanbladaren oharra:
Gaur egungo eredu ekonomiko kapitalistak, aberats eta behartsuen arteko aldea handitzen jarraitzen du, horrela, kalitatezko bizitza baterako minimoak eskuratzea geroz eta zailagoa egiten zaigu. Kapitalismoa gizakion bizitzeko oinarrizko eskubideak lapurtzen dabil eta eskubide urraketa hori gazteongan areagotzen da, geure egoera are larriagoa bilakatuz.
Sistemak bere logikaren baitan dena merkantilizatu digu (hipotekak, ikasketak…); badirudi merkatu zein gobernarien produktore-kontsumitzaile soilak bihurtu garela. Hau da, diruak jendartea menperatzen du diruak eta merkatuak herritar guztion eskubide eta beharrak asetu eta bermatu beharrean.
Alkateek, bankuek, higiezinen agentziek, espekulatzaileek… Gasteizen bizi garen gazteon eta herritar guztion etorkizuna kolokan jarri dute, gutxi batzuen interesetan, herritarrok etxebizitza duin bat izateko eskubidea salduz. Gasteizko bizilagunon hipotekak baliatuz prekarietatera bideratu gaituzte, lana galtzeko beldurrek gazteria eta langileria esklabu bihurtu dute.
Nola uler daiteke Gasteizen 10.000 etxe huts baino gehiago egonda etxeak eraikitzen jarraitzea? Nola da posible (kasurik onenean) 1.000 euro hilean irabazten duen gazte baten etxebizitza eskubidea duina izatea, hilero 700 euroko alokairua ordainduta? Kontuan izan behar dugu, gainera, gazteok sistemaren partetik jasaten dugun infantilizazioa izugarria dela. Emantzipatzeko goizegi dela sinistarazi digute eta gurasoen erosotasunarekin konformatzen gara geure bizi proiektua garatzea atzeratuz. Errealitate ulergaitz bezain gogor honen aurrean, bestelako etxebizitza eredu bat mahai gainean jarri beharra dagoela deritzogu.
Guk, Gasteizko gazte gisara, etxebizitzarako eskubidea bermatzea nahi dugu. Horretarako, etxebizitza eredu arrotz hau errotik eraldatzea helburu izaki, eraldaketa hau ahalbidetuko duen ekintza eta borroka sozialetan oinarrituko gara. Alde batetik epe motzerako alternatiba gisara, etxe hutsak okupatzearen aukerarekin bat egiten dugu: batetik, okupazioak gazteon etxebizitza problematikari zuzenean erantzuten diolako, eta bestetik, etxebizitzaren inguruko hausnarketa prozesua ere zabaltzen duelako.
Bestalde epe luzera begira, herritarrok, jendartean ezartzen den etxebizitza politika eredua beste balore batzuez hornitzea oinarrizkoa ikusten dugu. Herritarron etxebizitza eskubidea ezin da kapitalaren onurarako diren hipoteken menpe egon. Horregatik gure epe luzerako alternatiba, eredu aldaketa batean oinarritzen da, zeinetan etxe hutsak eskaintza herritar batera bideratu beharko liratekeen. Hala, eredu honek herritarron behar sozialei erantzungo lieke, eta ez gutxi batzuen espekulazioari.
Gazteok, antolatzeko eta geure eskubideak borrokatzeko garaia dugu. Etxebizitza eskubidea delako, ez luxua! Bermatu ezean, guk lortuko dugu!
Atxikimenduak: Elkartzen, Errotako Gazte Asanblada, Judimendiko Gazte Asanblada, Ernai, Gasteizko Gaztetxea, Trikuarri Gazte Asanblada, Errekaleor Bizirik!, Ikasle Abertzaleak, GKK, GUET, Naturarekin Bat!, Ikasle Blokea, Arkillos etxe okupatua, Gazteiraultza gazte proiektu komunikatiboa, Okarizuko Gazte Asanblada eta Haraba! proiektu komunikatiboa