2014/06/09

Gasteizko Sanfran 3 etxe okupatua desalojatu nahi dute astea honetan

Datorren astean Gasteizko Sanfran 3 etxe okupa desalojatu nahi dute. Desalojoa salatzeko gaur astelehena, ekainak 9, kontzentrazioa deitu dute 20:00etarako Andra Mari Zurian “Etxebizitza ukatzen digun sistemaren aurrean; Alternatibak eraiki eta defendatu” lemapean.

Kontzentrazioaren deitzaileak ondorengoak dira: Arkillos, Gasteizko Gaztetxea, Errekaleor bizirik, SanFran 3, Gasteizko okupazio bulegoa, Gasteizko etxebizitza asanblada eta Elkartzen.


Deitzaileen oharra

Botín bezalako bankari eta enpresa munduko magnateek agintzen dute, aurpegira barre egiten digun kasta politiko korrupto eta ustelak “demokratizatu” egiten ditu aginduok eta ahotsa altxatzen duen gutxiengoa suntsitzeko indar armatu Polizialak erabiltzen dituzte.

Hau da egunero milaka herritar kale gorrian uzten dituen sistema, frankoren laztanak jaso zituen Felipe erregimenaren buru jartzen duen berbera.

Argi dugu sistema honek pairatzen dugun egoera larriari irtenbiderik bilatu ez ezik, egoera larriagotu egiten duela, eguneroko esplotazioaren kudeatzaile eta zaindari besterik ez baita.

Egoera honen aurrean, hainbat izan dira herri mugimendutik gabezia hauei erantzuteko bultzatu diren alternatibak; erreal eta konkretuak, gure nahiei ekintza zuzenaren bitartez irtenbideak ematen dizkieten iniziatibak.

Horietako bat da, Gasteizko San Frantsizko 3n eraiki duten proiektua, etxebizitza premia larriari erantzuten ziona, besteak beste. Astelehen honetan, hilak 9, indarrean sartuko da desalojo agindua. 10.000 etxe huts baino gehiago dituen hirian beste hainbat lagun utzi nahi dituzte etxe gabe… Ezetz lortu! 10.000 San Frantsizko 3 potentzial baino gehiago dauzkagu eskura, aspaldi ikasi genuen elkar laguntzen. Ez dituzue gure ametsak desalojatuko.

Ildo beretik, Errekaleor biziberritzeko ekimena oztopatu asmoz urratsak ematen jarraitzen du Gasteizko udalak. PP-k eta PNV-k berriz ere ateak itxi dizkiote Errekaleorren lanean ari direnekin elkarrizketa prozesu bat eskatzen zuen EH Bilduren proposamenari. Gauzak horrela epaiketak aurrera darrai, zitazioak heldu direlarik.

Alternatiba hauen eta bide berean ari diren beste guztiak defendatzeko bidean, herritar orori gonbita luzatzen diogu Ekainaren 9an, arratsaldeko 20:00etan Gasteizko Andra Mari zuriaren plazan burutuko den kontzentraziora agertzeko. Honako leloa izango du:

Etxebizitza ukatzen digun sistemaren aurrean
ALTERNATIBAK ERAIKI ETA DEFENDATU!