Ibarrako Gaztetxearen bilakaera biltzen duen “Piparmin” dokumental laburra sarean dago ikusgai. Ibarrako Gazte Asanbladatik igaro diren kideen bizipenak eta testigantzak ditu oinarri. Dokumental hau hiru hilabetetako lanaren emaitza da, hiru gaztek gogotsu eta ilusioz egin duten lana eta orain Euskal Herri osoan zabaltzea nahi dutena, argi baitute: “gaztetxe eta Gazte Asanbladen Mugimenduarentzat eta oro har Euskal Jendartearentzat ere baliagarri izango dela”.
Ibarrako Gazte Asanbladaren oharra:
Ibarrako Gazte Asanbladak “Piparmin, Ibarrako Gaztetxearen bilakaera kideen bizipenetatik” dokumental laburra aurkeztu du joan den larunbatean Piparmin Egunaren karietara. Bertan Ibarrako gaztetxetik igarotako belaunaldi ezberdinetako kideen bizipenak bildu dira. Dokumental laburra 22 minutu ingurukoa da eta ikuspegi antropologikoa jasotzen du. Gaztetxeko kide izateak zer suposatu dien, gertaera garrantzitsuak eta bilakaera biltzen ditu besteren artean. Dokumental laburra sarean dago eskuragarri nahi duen orok ikus dezan eta komunikabideei dei berezia egiten dizuegu honen zabalpena egin dezazuen. YouTube kanalean dago eskuragarri CC lizentzipean: http://www.youtube.com/watch?v=KMgcj1fvzQM
Dokumental laburra egiteko ideia Piparmin Eguna (Gaztetxetik igarotako kideen jaia) antolatzeko Asanbladan proposatu zen. Bi kidek 3 hilabete inguru igaro dituzte dokumental laburra egiten eta aurretik ez zuten inolako esperientziarik bideogintzan. “Do it your self: Egin ezazu zuk zeuk” filosofia baliatu dute egileek horretarako eta horixe azpimarratu dute: “Ideia bat baduzu burutzea ilusio kontua da. Dokumental labur hau egiteko ez dugu dirurik behar izan eta berau egiten ikasi dugu. Azken batean Gaztetxearen bilakaeraren gordailu gisa baliatzeko sortu nahi izan dugu eta belaunaldi berriei beren bidea egin dezaten ilusio piztaile gisa”. Orain bideoa ahalik eta gehien zabaltzea da asmoa, izan ere Gaztetxe eta Gazte Asanbladen Mugimenduarentzat eta oro har Euskal Jendartearentzat ere baliagarri izango dela uste dugu.
Iturria: Topatu.info