Belardiak, ur putzuak eta zaborra. Hutsa. Kukutza III gaztetxea zegoen lekuan utzitako orube bat baino ez dago. Inguruan duen harresian pintatuta dago amorruaren adierazpena: «Auzoak ez du ahazten, ezta barkatzen ere». Eta huts handi horretan, ozenago entzuten da etsipenaren oihartzuna, baina borrokaren duintasunarena ere bai. Gaur bi urte beteko dira Bilboko Errekalde auzoko gaztetxea indarrez hustu zutenetik, eta etzi, eraisten hasi zirenetik. «Eta oraindik ez dugu dolua gainditu», aitortu du Igor Ahedo Errekaldeberriz auzo elkarteko kideak.
Bidegabekeriak oztopatzen die dolua: «Galera honek erantzule argiak ditu: Iñaki Azkuna alkateak 2011ko bozak irabazi ostean, Kukutza izan zen bere lehen helburua». Bi urteren ostean, Ahedok argi du «azpijoko politikoa» egon zela tartean: «Oro har, agintariak talde ekonomiko handien nahietara makurtzen dira, baina Kukutzarekin alderantziz gertatu zen: Cabisa [lursailaren jabetza duen enpresa eraikitzailea] alkatearen nahietara makurtu zen. Udalaren helburua ez zen eraikitzea, suntsitzea baizik».
Izan ere, 2011ko irailean bi hiri eredu aurrez aurre jarri zituen gaztetxearen inguruko borrokak. Batetik, Azkunaren «hiri totalitarioa, kanpotarrentzat egina, kapitalarentzat, izen handiko arkitektoentzat; saltzen erraza, baina edukiz hustua»; bestetik, Kukutzarena: «Leku askotan mintzagai izaten diren proiektu alternatiboak benetan gauza daitezkeela demostratu zuen». Hain justu, horregatik desagerrarazi zuten: «Udala ohartu zen bere hiri eredua ez zebilela, eredu alternatiboa bideragarria baldin bazen».
Hartara, orubeak hutsik jarraitzeak ez du Ahedo harritu. «Bakoitza bere lekuan jartzen ari da denbora. Agerian geratu da Cabisak ez zuela eraikitzeko presarik: birpartzelazio proiektua ere ez du aurkeztu bi urtean». Areago, Errekaldeberrizeko kideak azaldu du orubea desjabetzeko eskatzea aztertzen ari direla. Lurzorua jabetzan edukitzeak berekin dakarren eginbeharrak ez betetzea egotzi dio enpresari: «Lursail horren %24 auzoari dagokio, hiri plangintzaren arabera. Zati hori lapurtzen ari zaigu».
Asanblada, desagertuta
Zauria itxi gabe dute Errekalden. «Kukutzaren aldeko borrokaz oso harro egongo gara beti, baina egun, sentimendua gazia da, umezurtz gaudelako». Gaztetxea auzoaren bihotza zela berretsi du Ahedok: «Sekulako energia zuen, ilusioa ematen zigun... Izugarri nabaritzen dugu ez dagoela. Lehen, auzo berria diseinatzeko bildu eta gero, seme-alabekin joaten ginen hara antzerkia ikustera; orain, plazara joaten gara, autobidearen azpira. Berriro hutsetik hastea oso gogorra da».
Ikuspegi sozialetik ez ezik, ekonomikotik ere «dinamismoa» galdu du auzoak: «Ekarpen positiboa egiten zion Errekalderi, batzuentzat handiagoa eta besteentzat txikiagoa, baina ez dut uste inork ekarpen negatiborik gogora dezakeenik, ezta oroitzapen txarra duenik ere». Eta gaztetxearen barruan zebiltzan mugimenduek espazioa galdu zuten, egoteko ez ezik, harremanak eraikitzeko ere.
Kukutzako asanblada bera gaztetxea eraitsi eta aste gutxira desagertu zen, kide batzuk eta auzi nagusian inputatuak biltzen aritu izan diren arren. «Hortik sortu genuen Kukutzarekin Elkartasun Taldea», azaldu du Ibai Erauskinek. Auzokideek baino sentipen positiboagoa du: «Han geundenok lan egiten jarraitzen dugu, bakoitzak berean. Orubea hutsik ikusteak amorrua ematen digu, baina okupazioan borrokan segitzen dugu».
Koblakari malabarista elkarteak ere nabaritu zuen tokiaren falta. Egoitza ofiziala zuen Kukutzan, eta ia solairu oso bat erabiltzen zuen entseatzeko. 2011ko irailaz geroztik banatu zirela esan du Xabi Larreak: «Espazioa galdu ostean ez genuen hainbestetan elkar ikusten». Dena den, denborarekin alde onari begiratu dio: «Kukutzan ez genuen alokairurik ordaintzen, baina orain Zorrotzaurren gaude, eta gastuak ditugu. Dirua atera behar izateak gure jarduna profesionalizatu du». Datorren astean dira lehen ikuskizuna estreinatzekoak, Campos Eliseos antzokian.
Gaur, elkarretaratzea
Kukutza hustu eta eraitsi zuteneko bigarren urteurrena gogoratuko du gaur Kukutzarekin Elkartasun Taldeak. 12:30ean elkarretaratzea egingo dute Sabin Etxean, EAJren egoitzaren aurrean. Gaztetxeko kideen aurkako prozesura judizialak gaitzestu ez ezik, 2011ko irailaren 21ean eta 23an Ertzaintzak erabilitako «bortizkeria» ere salatuko dute.
Epaitegian, airea galdu du puxikak
Iturria: Berria