Herriko konbentu zaharra okupatu zuten domekan hainbat herritarrek Lekeition. Eraikina, Santa Ritako konbentua, udalarena da eta 2004. urtetik hutsik egon da. Beraien esanetan, “herriaren beharrizan bat asetzeko” gai da eraikina. Hasieratik auzokideekin elkarbizitzarako arau batzuk zehazteko prestutasun osoa dutela eman dute jakitera. Eraikina, Euskal Herriko Kultur Ondarearen Zerrendan omen dago eta horregatik ”edozein proposamen” jasotzeko prest daude.
Ekainaren 29an herriko beste eraikin bat okupatu zuten hainbat herritarrek. Egun batzuetan lekua konpontzen eta txukuntzen ibili ostean, ertzaintzak desalojatu egin zituzten eta hainbat gazte identifikatu.
Lekeitioko hainbat herritarren oharra:
SANTA RITA ZABALIK!
Gaur, abuztuak 4, lekittar talde batek Santa Ritako konbentu zaharreko atiak ireki doguz. Eraikinean GAZTETXE bat zabaldu dogu; halan da be, ez da gazteontzako mugatutako gune bat izango, izan be, gure asmua, herritar guztijek parte hartzeko aukeria eukiko daben leku bat bermatzia izan da eta.
Ekainaren 29an beste eraikin huts bat hartu genduan, eta lau egunen buruan, legez kanpoko operazio polizial batek atiak zarratu ebazan. Besuak gurutzatuta geratu biharrian, alternatiba egokiago bat aurkitu dogu:
SANTA RITA ZABALIK DAGO
Udalaren eskuetan dagoen komentu zaharra 2004. urtetik hutsik eta erabilera barik egon da, eta guk, herriaren beharrizan bat asetzeko gai badela erakutsi nahi dogu. Herri osoaren proiektua izanda, hasieratik argi utzi nahi dogu auzokideekin elkarbizitzarako arau batzuk zehazteko prestutasun osoa daukagula; Euskal Herriko Kultur Ondarearen Zerrendan dagon eraikina izanik, edozein proposamen jasotzeko zabalik gaoz.