Hiruetako bi, Ertzaintzak gaztetxearen kanpoaldean identifikatutakoak, absolbitu egin dituzte; bestearentzat, lokal barruan atzeman zuten gaztearentzat, 1.200 euroko isuna eskatu du fiskalak. Urte bateko epean Bilbon hustutako hirugarren gaztetxea izan zen Santutxukoa. Aurretik Kukutza eta Patakon proiektuak suntsitu zituen Azkunak.
Urtebeteko epean hiru gaztetxe hustu eta suntsitu zituen iaz Azkunak. Errekaldeko Kukutzaren ostean Uribarriko Patakonen hustea iritsi zen 2012ko ekainean. Handik hiru hilabete eskasera, Santutxuko Uztaldi hustu zuen Ertzaintzak eta egun berean hormatu egin zuten.
Hain zuzen ere, Uztaldi gaztetxearen hustean identifikatutako hiru lagunen aurkako epaiketa egin zuten atzo. Irailaren 28an hustu zuten Santutxuko azken gaztetxea. Barruan zegoen gaztea identifikatu zuten bertaratutako ertzainek baina gaztetxearen hustearen aurka kanpoaldean bildutako lagunetako beste biri ere dokumentazioa eskatu zieten.
Hiruren aurka salaketa jarri zuen Ertzaintzak eta epaiketa atzo egin zuten. Fiskalak 3.600 euroko isun eskaera egin zuen, 1.200 euro bakoitzari, baina epaileak absolbitu egin ditu kalean identifikatutako lagunak eta hirugarrenaren aurkako akusazioari baino ez dio eutsi.
2012ko apirilaren 21ean Santutxuko Gazte Asanbladak hamar urte baino gehiagoz erabat abandonatua egondako lokala okupatu eta auzorako berreskuratu zuen. Bost hilabetez auzorako gazte askorentzat bilgune bihurtu zen lokal hura, proiektu sendo eta anitz baten ikur bilakatuz.
Lokala “La Caixa” banketxearena da baina hamarkada batez ez dio erabilerarik eman eta guztiz utzita izan du. Okupazioa gertatu eta berehala, ordea, salaketa aurkeztu zuen. Gaur egunean hutsik jarraitzen du lokalak.
Santutxuko Gazte Asanbladak “lotsagarritzat” jotzen du “gazte batzuk La Caixaren lokal huts bati bizia emateagatik” epaituak izatea, “banketxea bera izan beharko lukeenean epaitua, burutzen dituen desjabetze eta kaleratzeengatik”.