2013/02/26

Elkartasun kanpaina abiatu dute Kukutzaren eraistean atxilotutako eta kolpatutako lagunei babesa helarazteko

Orain arte egindako bi epaiketetan argi geratu da atxiloketak bidegabeak eta justifikaziorik gabekoak izan zirela, Iñaki Carro abokatuaren esanetan. Martxoaren 11n bi gazte epaituko dituzte desordena publikoak egotzita eta elkarretaratzea egingo dute epaitegietan. Auzi nagusia epaitzeko datarik ez dago oraingoz.


Ni ere egon nintzen. Elkartasuna ez da delitua” kanpaina abian jarri du Kukutzarekin Elkartasun Taldeak Errekaldeko plazan egindako prentsaurrekoan. Kukutza III Gaztetxearen huste eta eraisteak iraun zuen egunetan Ertzaintzak atxilotutako eta zauritutako lagunei – 80 atxilotu eta 100 zauritu baino gehiago- elkartasuna eta babesa helarazteko asmoa dute.

Iñaki Carro abokatuak adierazi duenez, Kukutzaren eraistean izandako istiluen ondorioz orain arte egin diren bi epaiketetan argi geratu da Ertzaintzak emandako bertsioa ez zetorrela bat benetan gertatutakoarekin eta atxiloketa gehienak “arbitrarioak eta justifikaziorik gabekoak” izan zirela esan du.

Hurrengo epaiketa martxoaren 11n egingo dute Bilboko epaitegietan. Bi gaztek 22 hilabeteko kartzela eskaerari egin beharko diote aurre Udaletxe inguruetan izandako istiluetan desordena publikoak egin izana egotzita. Hain zuzen ere, epaiketa hori salatzeko elkarretaratzea egingo dutela aurreratu du.

Apirilaren 16an beste epaiketa bat izango da. Kasu honetan ertzain bat izango da akusatua, 2011ko irailaren 21ean Ametzolako tren geltokiaren parean gazte bati eraso egitea leporatuta. Carrok azaldu duenez, egun hartan grabatutako irudi batzuetan “argi ikusten” da ertzainak gaztea inolako arrazoirik gabe kolpatu zuela.

Erasoak ugariak izan zirela gaineratu du abokatuak baina Ertzaintzak oztopoak jarri ditu agenteak identifikatzerako orduan eta oso zaila izan zaie akusazio zehatzik egitea. Ertzainak identifikatzea lortu den kasu bakanetan epailea tematu egin dela izan da, azpimarratu du.

Bestalde, abokatuak jakinarazi du 2011ko irailaren 23an Errekaldeko plazaren inguruetan atxilotutako 20 lagunei ere desordena publikoak egozten dizkietela. Atxiloketak “ausazkoak eta justifikagaitzak” izan zirela uste du Carrok. “Kaletik ikusi zuen lehenengoa atxilotu zuen Ertzaintzak, lagun talde bat sortzen zen bakoitzean oldartu egiten zitzaion”. Auzipetu horientzat 18 eta 30 hilabete arteko espetxe zigorra eskatzen du akusazioak.

Halaber, Kukutza auziko prozesu nagusia, gaztetxea barrutik ateratako 18 lagunei egozten dioten usurpazio delituari dagokiona, hemendik urtebetera edo bi urtera egin daiteke, “erabat geldituta baitago eraistea gauzatu zenetik”. Horrek guztiak agerian uzten du Carroren iritzian, gaztetxearen huste eta eraistearen atzean “interes politikoa” zegoela. “Udal etxebizitzak eraikitzeko asmoa zutela esan zigun orduan munduko alkaterik onenak” baina eraisteaz geroztik, gogoratu du, ez da tramite judizialik egin eta egun hutsik jarraitzen du gaztetxea zegoen orubea.

(Bilboko Brankatik ateratako berria)