Polizia Donaixtiko eskolan (Nafarroa Beherea) sartu da gaur goizean, 10:30ak aldera, eta bertan zeuden gazteak kanporatu ditu. Jendarme ugari bertaratu dira bederatzi autotan eta herrira sarrera moztuta dago. Gazteak beren kabuz utzi dute eskola eta ez da iskanbilarik izan. Jendarmeek baimena eman diete gazteei eskola barruan duten material guztia jasotzeko eta horretan ari dira.
Uztailaren 21ean lagun talde bat eskolara sartu zen, etxebizitza kolektibo bat eta kultur gune bat sortzeko xedearekin. Hilabetera, abuztuaren 22ean, etxea husteko agindu zuen Baionako auzitegiak. Agindua jaso eta 72 orduko epea eman zieten okupatzaileei handik alde egiteko. Gazteek eskola uzteari uko egin zioten. Bordeleko serora talde batena da etxea, eta haiek egindako kanporatze eskaera babestu egin du epaileak. Denbora horretan jabeekin adostasun bat lortzen saiatu dira, baina ezinezkoa izan da.
Hamasei hautetsik sinatu dute bizitoki kolektibo eta kultur etxe baten proiektuaren aldeko mozioa, okupatzaileen forma baino haratago funtsa sostengatzen dutela zehazturik.
Seroren abokatuak adierazi zuen tokia "arriskutsua" dela eta bertatik joateko "behar gorria" dagoela. "Arazoa ez da duten egitasmoa, baizik eta erabilitako metodoa", esan zuen abokatuak, eta argi utzi zuen okupazioaren hautua "bidegabekoa" dela. Okupatzaileen defentsak, berriz, adierazi zuen ezetz, ez dela arriskurik, eta okupazioa defendatu zuen: "Okupazio hori herriaren interesaren alde doa; nahasmendu bidegabeez arras urrun gara". Lau gazte epaitu zituzten abuztuaren 14an. 500 euro pagatu beharko dituzte.
1953. eta 2009. urteen artean, Donaixtiko egoitza okupatu berria eskola pribatua zen. Duela hiru urte, ez zelakoan errentagarria, ixtea erabaki zuten serorek. Hainbat hautetsi eta herritar luze borrokatu ziren eskola irekirik egon zedin, baina, azkenean, ez zuten helburua kausitu.
Info Zazpiko elkarrizketa entzuteko sakatu hemen.