2010/01/13

Okupazioa eta erroldatzea

Jende askok uste duenaren kontra, etxebizitza bat okupatzen dutenek erroldatzeko eskubide osoa dute. Are gehiago, haien kasuan, Estatu espainarrean bizi den beste edozein pertsonaren kasuan bezala, erroldatzea eskubidea ez ezik, betebeharra ere bada. Hortaz, Errolda arautzen duten Jarraibide Teknikoetan esaten da horren helburua "egitate bat ziurtatzea dela, eta beraz, hasteko, biztanleak bizileku horretan egoteko duen edo ez duen eskubideak, zein egitate hori frogatzen duen ziurtagiri horrek sor ditzakeen eskubideak, ezin dute errealitate hori deformatu", eta "berea ez den jabetzaren titulurik gabeko okupazioaren kasuan", udal kudeatzaileak bere baliabide propio erabiliz egiaztatu behar duela "biztanlea bizileku horretan benetan bizi den ala ez, eta horrela bada Erroldan erregistratu beharko du, legezko jabeak bere eskubideak aginte zein Auzitegi eskudunen aurrean gauzatu duen ala ez kontuan hartu gabe, aginte horiek Erroldaren kudeatzaileak inoiz izango ez direla".

Hondamen egoeran dagoen edo bizigarritasun baldintzak betetzen ez dituen eraikin batean erroldatzeko aukerari dagokionez, erantzuna baiezkoa da ere: "Erroldak udalaren biztanle bakoitzaren benetazko bizilekua islatu behar du. Errealitate hori ematen den bakoitzean Erroldan jasota egon behar da. Eta erroldatzea etxebizitzaren titulartasunaren inguruko eztabaida juridiko-pribatuetan sartzen ez den bezala, bizilekuaren baldintza fisiko, osasun-higieniko edo beste edozein motakoei buruzko eztabaidan ez da sartuko. Beraz, infraetxeak (txabolak, karabanak, kobazuloak, etabar; baita estalki erabateko eza ere) Erroldan balioko bizileku bezala inskribatu daitezke eta inskribatu behar dira, askotan errealitatea horrelako delako."

Beste horrenbeste esan daiteke sorburua Erroldan duten beste eskubide askori buruz, gizarte laguntzak (Oinarrizko Errenta, Giza Larrialditarako Laguntzak, etab.) jasotzearena tartean, legeak eskatzen dituen baldintzen artean alokairu kontratu edo parekorik edukitzea ez delako agertzen -nahiz eta gizarte langile batzuk behin eta berriz kontrakoa esan-, erroldatzearekin nahikoa delarik, eta hortaz etxe bat okupatzen duen pertsona batek laguntza horiek eska ditzake, gainerako baldintzak betetzen baditu eta horrela egin nahi badu.

Okupatzen bazaude eta erroldatzeko momentuan horrelako aitzaki zein oztopoekin erantzuten badizute, deskargatu lehen aipatutakoa agertzen den Jarraibide Teknikoen laburpen hau eta Udal Erroldaren leihatilan erakutsi. Normalean horrekin nahikoa da erroldatuta izan ahal izateko, baina oraindik ere uzkurtzen jarraitzen badute hoberena hau bezalako erroldatze eskaera formal batekin saiatzea da. Udalak mota honetako edozein eskaerari idatziz eta bere jarrera arrazoituz (hau da, lege konkretuen artikulu konkretuetan oinarritutako argudioak emanez) erantzuteko behartuta dago, beraz printzipioz eskaera honi baietza emanez erantzun beharko luke.

Gainera, egungo Erroldaren Jarraibide Teknikoen berritasun positiboetako bat da orain, Udalak hiru hilabeteko epean erantzuten ez badu — udal eta alkate batzuk, Sestaokoa kasu, tristeki ospetsu egin ziren pertsona eta kolektibo jakin batzuei egitateen bidetik erroldatzea ukatzeagatik, eskaera kaxoi batean hilabetetan eta baita urtetan ere gordeta —, "Administrazio-isiltasun positiboa" eta erroldatze automatikoa gertatzen direla. Eskaera egin duen pertsonari dagokionez, beraz, epe hori igarotakoan ezin izango dizute erroldatzea ukatu. Nolanahi ere, egin lezaketen gauza bakarra erroldan baja emateko prozedura bat hastea da. Prozedura horretan, etxebizitza edo eraikin horretan bizi ez zarela frogatu beharko lukete, eta kontrako froga, alegazioak, errekurtsoak eta abar aurkezteko eskubidea izango zenuke.Erroldatzea eskatzen baduzu eta hiru hilabete horiek erantzunik gabe igarotzen badituzu, komenigarria litzateke egoera normalizatzen saiatzea eta etxebizitza horretan erroldatuta zaudela eskubide guztiekin onartzera behartzea. Horretarako, erroldatze-ziurtagiriaren eskaera aurkeztu beharko duzu eredu horretan oinarrituta, eta nekez ukatuko dizute hori prebarikazio-delitu bat egitera arriskatu gabe.


Eranskina: instrucciones tecnicas de padron.pdf
Eranskina: solicitud de certificado de empadronamiento.doc
Eranskina: solicitud formal de empadronamiento.doc