2017/09/28

Udalarekin elkarrizketak berrabiatuta, aurrera jarraituko du Deustuko Gazte Lokalak

Bilboko Udaleko ordezkariekin izandako bileraren berri eman dute Deustuko gazteek egindako prentsaurrekoan. Besteak beste lokala insonorizatzea adostu dute udalarekin, eta horren trukean ez dute suntsituko 26 urtez Deusturi bizitza eman dion proiektua. Udalak baldintza berriak kontuan hartuko dituen beste hitzarmen bat egiteko konpromisoa hartu du.

Deustuko gazteen oharra:

Orain dela bi aste leku honetan bertan prentsaurreko bat eman genuen Gazte Lokalaren kontrako desalojo agindua igorri zigutela salatzeko. Bertan azaltzen genuen, desalojo agindua zekarren gutunak udaletxearekin mantentzen ari ginen komunikazioa bertan behera uzten zuela, ez baikenuen gure hizketakideak ziren Marta Ajuriaren edo eta Asier Abaunzaren inolako komunikazio formalik jaso. Egun batzuetara Asier Abaunzak berak egindako agerraldian, udalak Gazte Lokalaren espazioarentzako zeukan proiektua aurkeztu zuen. Atzo, berriz, gure iniziatibagatik komunikazioa bideari berrekin genion.

Betidanik egin izan dugun bezala, jarrera kolaboratiboa mantendu dugu sortu genitzakeen eragozpenen aurrean neurriak hartzeko: entseguak eta txalaparta tailerra bertan behera utzi dira, ordutegiak zorrotz kontrolatu ditugu... Eta hori dena 2016 eta 2017 urteetan inongo salaketaren berri izan ez dugunean.

Inguruko auzokide eta komertzioekin erlazioa mantendu dugu beti, izan ere gu eta gure proiektua gara auzo bizikidetza on bat mantentzen lehenengo interesatuak. Eta erlazioa ona izan da; horren adierazle ondoko atarietako auzokideek idatziz eman diguten babesa.

Hau guztia kontuan hartuta, udaletxearen jarrera espazio aske eta autogestionatuen kontrako erasoaren barruan soilik ulertu dezakegu: aurten Izarbeltz ateneoa eta Etxarri gaztetxea desalojatuak izan dira. Are gehiago, Deustuko gazte eta herri mugimenduaren aurkako eraso bat bezala ulertzen dugu.

Gaur hemen, udaletxearekin berrabiarazi dugun elkarrizketaren berri eman nahi dugu. Deustuko Gazte Asanbladak hurrengoa beteko dugula hitzeman dugu:

- Gazte Lokalaren intsonorizazio proiektu bat aurkeztea eta guk geuk egitea, bitartean kontzertuak ez direla emango ziurtatuz.
- Baratza bezala erabiltzen dugun eraikinen barruko espazioa mantentzen eta zaintzen segitzea.

Bere aldetik Asier Abaunzak eta Marta Ajuriak hurrengoa beteko dutela hitzeman dute:

- Desalojoa bertan behera uztea.
- Aurkeztuko zaien proiektua aztertzea eta adostasun batera helduz gero proiektua onartzea.
- Egindako hobekuntza lanak kontuan hartuta, baldintza berriak jasoko dituen hitzarmen berri bat sinatzea.


Bukatu baino lehen eskerrak eman nahiko genituzke sostengua eman diguten talde politikoei, eta bereziki euren idatziekin edo animoak emanez lagundu gaituzten auzokide eta komertzioei, GAS Gazte Asanbladen Sareari eta Okupazio Bulegoari euren inplikazio eta lan desinteresatuagatik, eta noski, momentu zail honetan ere baina egunerokoan proiektu hau lagundu, babestu eta bultzatu duzuen eta banan banan aipatu ezin ditugun guztioi.

Eta bukatzeko, 26 urtez bultzatu dugun autogestio ereduan berresten gara. Gazte Lokala herriari zabalik egon den espazio aske bat da; gure ametsak eta proiektuak gauzatzeko espazioa. Orain arte bezala, espazioaren berregokitze lanak, mantenimendua eta gestioarekin jarraituko dugu. Herritik herriarentzako lan eginez, hau da gure apustua.

Gora espazio aske eta autogestionatuak! Gora Deustuko Gazte Lokala!


Hala ere, ostiraleko manifestazioa burutuko dute, babes erakusketa moduan. Hitzordua 19:30etan Done Petri Plazan da.